Sari-banaketa ekitaldia ekainaren 17an egingo dugu, Kulturateko Areto nagusian, 18:30ean. Baina, egoerak hala behartuta, aforo mugatuarekin. Hau da, soilik saridunekin eta aurtengo gonbidatu berezi Jon Maia Soriarekin.
Badakigu saridunen gertukoak penaz geratuko zaretela, beti izaten baita hunkigarria maite dugun norbait sari bat jasotzen ikustea. Halere, prebentzio neurri gisa hartu dugun erabakia ulertuko duzuelakoan, ekitaldi osoa grabatzeko aukerak aztertzen ari gara guztiok ikusteko moduan sarera igotzeko.
Berezia izan da oso aurtengo lehiaketen deialdia, konfinamenduak bete-betean harrapatu duelako eta, horrenbestez, sekula baino gehiago eskertzen dugu, posible bada, AEDrentzat hain kuttuna den ekimena aurrera ateratzen lagundu diguzuen irakasle, bertsozale eta literatur zaleoi.
Gure eskerrik beroena, ordea, itxialdiko egoera zailean egon arren, lanen bat edo beste bidali diguzuen 139 artistentzat da aurten.
Bejondeizuela eta segi sormen hori askatzen!