Euskara teknikariaren dedikazioa igo zen, Euskara Batzordea abian jarri… Lankidetzazko dinamika bati ere ekin genion, halaber, euskara teknikariarekin eskuz-esku eta bertako sindikatu eta Euskara batzordearen babesean. Aurrerapauso batzuk eman dira harrezkero ospitaleko zerbitzua euskalduntzeko bidean. Ez bailarako euskaltzaleok nahi bestekoak. Baina, bai, aintzat hartu eta balioan jartzeko modukoak, bertako langile askoren ahaleginari esker eman direlako, neurri handi batean. Horrexegatik, eta Debagoieneko euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izan direlako beste behin ere, gogor salatu behar dugu, gogor eta etsipenez, Osakidetzako Zuzendaritzak hartu berri duen erabakia: euskara ezagutzaren eskakizuna ezarria zuten eta oraindik titular finkorik ez duten bost medikuntza lanposturi eskakizun hori kentzea. Tartean Ospitaleko Pediatria lanpostu bat dago eta gainontzekoak Traumatologia, Barne Medikuntza eta Oftalmologia espezialitateko medikuntza lanpostuak dira.
Erakunde publikoak lanpostu horiek langile elebidunekin betetzeko zailtasunak argudiatu ditu hartutako neurria justifikatzeko. Neurri erraz eta arduragabekoena, gure ustez, Osakidetzaren helburua langile elebidunen gabeziari konponbidea bilatzea izan beharko litzatekeelako. Hau da, euskara beharrezkoa den lanpostuetara langile elebidunak erakarri eta egonkortzea, euskaraz jarduteko zailtasunak dituztenak trebatzea, euskaratik urrun daudenei euskalduntzeko erraztasunak ematea eta abar. Beraz, AEDtik, eta debagoiendar euskaldun guztien izenean, hartutako neurria zuzentzeko eskaera egiten diegu Osakidetzako eta Debagoieneko ESIko arduradun gorenei.