Hasteko, bertan duten ate irekietako politika azpimarratu nahiko nuke, edozein tokitara, sarbidea izan dugu bisitan joateko, ikusteko…. Eta hori eskertzekoa da, baina honen atzean dagoen konfiantza eta gardentasuna dira, bereziki, esanguratsuak. Bestetik, bertako lantaldea aipatu nahiko nuke, osotasunean. Beraien profesionaltasuna, gertutasuna, enpatia, bidelaguntza… beraien funtzioetatik harago doa. Milaka adibide jarri ditzaket: egunerokotasuneko keinua, begirada, laztan txikia, momentu zailenetan hori arintzeko egindakoak… Honegatik guztiagatik eskertu nahiko nuke lantaldea.
Eta bukatzeko, beraien lana bistaratu eta eskertu ostean, aprobetxatu nahi dut beraien lan baldintzak hobetzeko aldarrikapena egiteko, guztientzako onura izango baita. Zaintzak erdigunean jartzeko ordua da, osasun sistema publiko, duin eta kalitatezkoa merezi dugulako. Eskerrik asko Mizpirualde egoitzako ekipo guztiari.