Hala ere, oreka emozionalari eusteko ahalegina egitea ezinbestekoa da, edalontzia erdi beteta ikusteko ahalegina egitea, alegia, nahiz eta senitarteko bat ZIU gelan baten izan edota lagunen bat sufritzen ikusi, norbera zaintzea delako bestea laguntzeko eta eusteko biderik eraginkorrena. Begirada beste norabidera bideratuz gero, azken boladan eskuzabaltasun ariketarik handienetakoa ikusten dut inguruan, mendian parekoak ni zaintzeko alboratu eta maskara jartzen duenean, norbere ohiturak aldatu ditugunean besteak zaindu eta babesteko, eta gure ingurukoen familiaz galdetu eta arduratzean, eta abar, eta abar.
Garai hotz eta distantziaz betetako honetan, uste dut sekula baino gehiago konektatu dugula geure emozioekin, geure ingurukoekin, arduraz, erantzukizunez, zintzotasunez… Elkarzaintza delako bidea. Beraz, eskerrik asko guztion ahaleginarengatik, eta, hau guztia pasatzen denean, manten dezagun eskuzabaltasun hau.