Baina bueltaka dagoenez… badoa. Bi belarri ditugu; ahoa, berriz, bakarra. Sarri esan izan dut esaldi hau. Hitz egiten dugun bakoitzeko bi aldiz entzun behar dugula. Baina oso ados nagoen arren, ze gutxitan egiten dugun eta egiten dudan. Inpresioa daukat azken boladan –agian beti, orain ohartzen naiz– ez diogula elkarri entzuten, soilik gure ideiak, pentsamenduak, egiteko moduak… berresten dituztenak entzuten ditugula. Baina ez naiz modu horretan entzuteaz ari, hori ez baita entzutea. Entzutea bestearen kontzientzia hartzea da, bestearen beharrez, interesez, egoeraz… Ohartzea eta benetan hori ulertzeko bidean jartzea. Hortik eraiki daiteke, baina batzuetan eraikitzeko deseraiki egin behar da, eta horretarako benetan entzutea ezinbestekoa da. Interes propioetatik harago, interes komunak erdigunera ekarrita.
Laneko kontuez pentsatzen nengoela hasi naiz idazten, baina bizitzako arlo askotan aplikatu genezake seguruenik. Belarria prest jartzeko ordua iritsi zait. Zuri?