Esaldi hori nire egin nuen bere garaian, baina zenbat eta gehiago erabili, orduan eta argiago ikusten dut bide guztiak kontzientziara naramatela. Kontziente bagara, parekoari gertatzen zaiona ikusteko aukera daukagu; kontziente bagara, edozertaz jabetzeko aukera izango dugu; kontzientziaz jokatzen badugu, nahi dugun horretan eragiteko aukera izan dezakegu…
Beti dago kontzientzia guztiaren atzean… gero, horrekin zer egiten dugun… gure esku dago. Euskaraldia ere, kontzientzia ariketa bat, bakoitzaren euskara erabileraren kontzientzia hartze bat; zenbatetan automatismo hutsez gaztelerara jotzen dugu; zenbatetan ezezagunei badaezpada gazteleraz hitz egiten diegun; eta zenbatetan gure eskizofrenia linguistiko-aren zurrunbiloan gaztelerazko hitzak edota esaldiak sartzen ditugun. Kontzientzia piztu didaten hainbat klik txiki izan ditut azaroaren 23tik hona eta behin kontziente izanda, norberak ikusiko du horrekin zer egiten duen baina ez ahaztu kontzientzia badago aukera dagoela. Nik nire aukera kontzientziaz egitea erabaki dut, eta zuk?