Kooperatibetatik, alderdietara. Militantzia moldeetatik, herrigintzara. Euskalgintzatik, hezkuntza sistemara. Ematen du zer pentsatu.
Irautea sortzea dela gogoratu digu Kortxoeneak. Gure belaunaldiari sortzeko grina eskasa aitortu zaigu, aurrekoek sorturiko mastodonteak mugiaraztea eta birpentsatzea lana ez balitz bezala.
Sortzeko eta irauteko aukera eder bi ditugu hurrengo asteetan bailaran: Berrekin.Berregin, ekintzailetasun soziala sustatzeko formazio programa (izen-emate epea zabalik dago otsailaren 15a arte) eta Antixenak tiraka Euskal Herriko Gazte Asanbladen Topaketak otsailaren 19-20-21ean Oñatin. Baionako alkatearen hitzak dira: "Gaztetxeak dauden inguruetan, eta hauek nahi ez dituzten herritarretan pentsatzen esaten dut hau, dinamika bereziak sortzen dira". Dinamika berezi horietatik ere edango du autoeraketa eta autogestioaren birsortzeak.
Irautea sortzea da, baina sortzea irautea da. Etorkizuna gure kabuz eraikiko dugu orain, edo etorkizuna izango gara beti. Gogora dezagun Galeanori segika jende txiki askok, leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua berrekin dezakegula.