Egunkarietan, irratietan, telebistako politika programetako eztabaidetan puri-purian dagoen gaia da; izan ere, Barne Ministerioak kode penalean aldaketa txiki batzuk egin nahi ditu, Twitter, Facebook, Youtube eta mota horretako sare sozialetan erabilera desegokiak ekar dezakeen hedapen handi eta mingarriengatik.
Sare sozialak, beraz, armak direla esan daiteke? Twitterrez hitz egin da gehien gai horren inguruan.
Baina argi dagoena zera da, Twitter erabiltzaile bakoitza nahi duena bihurtzen dela.
Hau da, kontu aspergarriak jarraitzen badituzu, Twitter aspergarria izango da.
Komunikazio bideak eta pertsona informatuak jarraitzen badituzu, Twitter informazio puntu bat izango da.
Zure lagunei jarraitzen badiezu, beraien abenturak jarraitzeko baliagarri izango zaizu Twitter.
Edota zure marka pertsonala hedatzeko erreminta izan daiteke, edota uste dugunari buruz iritzia emateko tresna, edota asko liluratzen zaituen pertsona baten alboan zaudela sentiarazteko bidea, edota aktibismoa egiteko, edota zure erabiltzaileekin harremanetan egoteko, eta abar.
Twitter, azkenean, guk ematen diogun erabileraren araberakoa izango da, eta ez dauka zertan negatiboa izan.
Zenbat eta erabilera handiagoa eman, orduan eta oihartzun handiagoa izango du.
Iritzia ematea libre dela argi dago, gizarte demokratiko batean bizi garelako, baina albokoa errespetatzea ere beharrezkoa da.
Baina horrek Twitterren, egunkarietan, telebistetan eta eguneroko bizitzan izan behar du horrela.