Barneko labirintoez

Ederki definitzen du, nire ustetan, Anjel Lertxundik espiritualtasuna.

Hauxe dio, zehazki: "Espiritualtasuna ez da sinestunen ondare edo patrimonioa. Gure baitako zera hori –deitu arima, deitu espiritua, deitu harra, deitu gogoa, deitu kontzientzia– denok daukagu. Bihotza edo birikak bezain erreal. Ikusezin, baina ez sentiezin".

XXI. mendean bizitzea egokitu zaigunoi, korrika bizi gara, erritmo bizian; biziegian, beharbada. Ihesian goaz; sarritan, nora goazen ere ez dakigula.

Soseguak, isiltasunak, patxadak ez du leku handirik hartzen gurean.

Estimulu gehiegik eta erakusleiho distiratsuegiek janzten dituzte gure herriko kaleak. Baldintzarik egokienak ez dirudite barne-begirada, barne-arnasa edo espiritualitatea lantzeko.

Bestetik, iruditzen zait erlijioaren edota Elizaren eskutik etorri diren kontu negatibo asko eliminatu eta baztertu nahi izate horretan, luzea baita historian zehar Elizak gaizki egindakoen zerrenda, espiritualtasunari ere muzin egingo diogula. Bide batez, esan, Eliza eta fedea bereizi beharko genituzkeela. Baina bueno, hori beste eztabaidagai bat da.

Nonbait irakurri dut ongizateak eta ondo sentitzeak gurean hartu duen demaseko garrantziak –nahiz, hein batean, ederra den guk horrela bizi nahi izatea– ez ote duen produktu bilakatuko espiritualtasuna.

Eta honek Anariren kantu batera eraman nau: Tristuraren industriak zuretzat sortuak dituen ansiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak, konstelazio eta terapiak, sare sozialak eta farmaziak, zure melankoli burgesa bezatzen dutenak… Zerrenda amaigabe horri, akaso, laster espiritualtasunarena ere gehituko diote… Agian, ondo sentitzean soilik zentratu beharrean, tristurei, minei, haserreei, frustrazioei, eta abarri bere lekua emateak ere lagunduko liguke barne bizitza osasuntsuagoa garatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak