Mundua sailkatu eta ulertzeko modu horrek aukera guztiak bi kategoria zurrunetara mugatzea dakar, askotan ohartu gabe joko arau horietatik kanpo badela identitaterik, gorputzik, bizitzarik.
Iruditzen zait kategoria hertsi eta dikotomiko horietatik harago –gizon eta emakume– jendarte askeago eta denok kabitzeko moduko bidea egingo genukeela, genero araurik gabe, umeek nahi duten moduan jantzi, jostatu, mugitu, gozatu, haserretu, harremanak izan eta haziko bagenitu edo, sikiera, horretarako bide emango bagenie. Hau da, identitate ireki eta malguagoak eraikitzeko aukera eskainiko bagenie, ordainetan, noski, bazterkeriarik oparitu gabe.
Bururatzen zait, agian, transexualitatea bera gure genero kultura zurrunaren adierazle eta, agian, ondorio bat ere izan litekeela.
Ezin dugu ukatu, gaur-gaurkoz, gure jendarte eredu honetan bulba duten gehienak neskak direla eta zakila duten gehienak mutilak. Ados. Baina neska edo mutil izan edo sentitzea subjektibitate kontu bat dela ere halaxe da. Izan ere, badira ar jaio eta neskak izateko trantsizioa egiten dutenak, baita eme jaio eta gizon izateko bidea egiten dutenak ere, baita ez neska ez mutil gisa beren buruak definitzen dutenak ere… aukerak eta burua irekitzeko eta bestela pentsatzen hasteko bidea ere ematen dute aurrez aipatu hautuek.
Nik, behinik behin, garbi daukat gorputzak ez direla okerrak, aniztasunaren adierazpena baino ez direla. Okerrak direnak aniztasuna ulertzeko, errespetatzeko eta baloratzeko gai ez diren begiradak direla.