Bizi nahi ditugun bizitzak bizitzen ari ote gara? Zein bizitzak merezi ote du berau bizitzeko bizi-poza? Zein baldintza eta egitura lirateke ezinbestekoak? Galdera hauek ezin dira modu indibidualistan planteatu, bizitza bera komunitatearen baitan ematen den prozesu batean bezala baizik.
Ekonomia eta gizarte eredu kapitalista honek, hauskorra den eta zainketen beharra daukan bizitzaren beharrei erantzun ordez, irabazi ekonomiko eta materialistetan inbertitzen ditu energiak. Hortaz, ezin ukatu egiturazkoa den talka bat dagoenik kapitalaren eta bizitzaren artean.
Gurean ere, kapitalak bizitzaren beste dimentsio guztiak mendean hartzen dituela iruditzen zait. Lan produktiboa biziaren bestelako jarduera sozialengandik bereizi eta bizitzeko beharrezkoak ditugun afektu eta zaintzak aparteko jarduera bat direla kontsideratuz.
Merkatuaren logikak egiten duenaren aurka, ez ote genuke geure bizitzen zentroan zaintzak kokatu behar? Izan ere, ez da egia pertsonok autosufizienteak garenik (bizitzako fase guztietan) ez eta behar horiek merkatuak berak ase ditzakeenik ere bizitzako aro guztietan.
Esan gabe doa historikoki emakumeak arduratu direla zaintza lanez, eta ez direla balorean jarri; irabazi ekonomikoak erdigune dituen ekonomiaren seinale garbia. Hortaz, nola egin dezakegu berez interdependenteak garen pertsonok, elkar zaintzeko eta norbere autonomia garatzearekin bateragarri egiteko?
Bestalde, psikologo askok diote haurtzaroa zaintzea bizitza osasuntsu baten abiapuntua dela. Baieztapen hau ez ote da kontraesanean sartzen zainketan inbertitzen dugunarekin?
Inoiz jarri al gara pentsatzen, gure bizitzan zehar zenbat denbora, afektu eta maitasun energia behar ditugun bizi irauteko eta zenbat denbora, afektu eta maitasun aportatzen dugun?
Zainddu!