Izaki lehiakorrak garen zalantzan jartzen dute oraindik zenbaitek. Gorputza mugaraino eraman eta beste norbanakoen zein geure buruen aurka aritzeko gai izango ez bagina bezala. Bada, bai, gai gara eta gustatzen zaigu. Ez dugu kirola egiten gorputz normatibo bat lortzeko helburuarekin.
Sarri leporatu izan zaie neska kirolari nerabeei, mutilen aldean, ez dutela desiratzen kirolari profesional izaterik. Batzuentzat hobby hutsa besterik ez da izanen, eta horrek ez du ezer txarrik. Baina, beste batzuei, aukera hori errealagoa bihurtuko duten ereduak falta zaizkie; ikustea kirolari profesional izatea posible dela, emakume izanik ere. Inplikazio falta edo errealista izatea, patriarkatuaren zein eserlekutatik begiratzen den.
Makina bat emakume aritu dira historian zehar jardun nekaezinean, ekarpen miresgarriak eginez. Orain guri dagokigu bidea urratzen jarraitzea: asfaltoan, belarretan, uretan, lokatzetan, hondarretan… ukatua izan zaigun baina geure-geurea den espazioaz gozatu ahal izateko.