Zenbait adibide partekatu nahi dizkizuet. Aspaldiko izozkien izenak gogoratzen: Frigodedo, Patapalo... Lagun arteko planak eta abenturak gogora ekartzen: lehenengo bidaiak edota harremanak... Edota markatu gaituzten telesailak: Son Goku, Arale, Kapitain Planet... Negozio izatetik haratago, nostalgiak pertsonok mugiarazten gaitu, poltsikotik erraietaraino, eta nolabaiteko ospe ona du: aspaldiko garaietan murgiltzeko aukera eskaintzen digu, eta ustez ahaztuta geneuzkan usainak, soinuak, hitzak edo emozioak berriro bizitzeko magia pizten da. Ederra da lagunarte horretan bizipen horiez disfrutatzea. Zelako barreak eta alaitasuna! Baina, benetan, nostalgiak ezinegon gazi-gozo baten arrastoa uzten digu, zerbait ezkutatuko balu bezala. Zer da? Ez digu animoa guztiz igotzen. Alderantziz. Bizitzaren iragankortasunak sortzen digun zirrara da eta, askotan, aski ezaguna den beste emozio bat ezkutatzen du. Ohartu zara dagoeneko? Bai, tristuraren mozorro dotorea da nostalgia.
Urteek aurrera egin ahala, mozorro dotore hori aldatzen joaten da, eta gardenago edo zintzoago bihurtu. Eta nola gertatzen da hori? Bada, gertaerekin: seme-alabak nagusitzen doaz, gurasoak zahartzaroan murgiltzen dira... eta badirudi egunerokotasunak irentsi egiten gaituela, bizitza nahi baino abiadura handiagoan igarotzen dela, eta guk ezer egiteko aukera gutxi izanda.
Orduan, zer egin nostalgiaz mozorrotzen den tristurarekin, tristurak sozialki duen tolerantzia maila txikia kontuan hartuta? Nire aldarrikapena da balidazioa eta errespetua. Horrek ez du esan nahi mozorroa lau haizeetara zabaldu behar dugunik; baina konfiantza giroan goxotasuna eta onarpena eskertuko luke, bai mozorroak, bai gutako bakoitzak, bizitzaren iragankortasunean une politak bilatu, sortu, besarkatu eta gozatzeko.