Askotariko ekarpenak ditugu han eta hemen gaiari buruzko erabakiak hartzeko gurutze-bidea elikatzeko. Erronka ez da makala. Askotan, gaiari buruzko hitzaldiak, artikuluak eta ekarpenak irakurri arren, uste dut ez garela ohartzen egunerokotasunean egiten ditugun hainbat ekintzaren inguruko hausnarketak zenbat lagun gaitzakeen. Adibide edo kasu batean jarri nahi dut arreta, bereziki, azkenaldian erdigunera ekarri didatelako zenbait forotan eta konturatuta nagoelako duen inpaktuaz: Haur Hezkuntzako txikiekin egiten diren jaialdiak.
Haur Hezkuntzan zenbait egun berezi ospatzen dira: urtaroen jaiak, dantzaldiak, antzerkiak, ikasturte amaierako ekitaldiak... Gurasook ahalegin bereziak egiten ditugu antolatu eta bertaratzeko, guretzat eta txikientzat momentu bereziak direlako: protagonista bihurtzen dira, landutakoa eta entseatutakoak erakusten dituzte... Harro egoteko eta disfrutatzeko moduko momentua da, alegia.
Zein izaten da panorama? Ekitaldi horiek grabatzen dituzten mugikorrez betetzen ditugu. Gogoangarria den guztia erregistratu eta gorde nahi dugun garai honetan, etxeko txikiek mugikorren kamerak ikusten dituzte, gure edota aitona-amonen begirada konplizeak beharrean. Geure buruari galde diezaiokegu zertarako? edo zergatik?, baina justifikagarria izan daiteke, gure memoria esternalizatu eta teknologia digitalaren esku utzi dugulako.
Haurtzaroan teknologia digitalaren inpaktuaz hainbeste hausnartzen ari garen garai honetan, ezinbestekoa iruditzen zait halakoei erreparatzea eta alternatibak proposatzea. Zer iruditzen zaizue gure presentzia bermatu eta erregistro hori ikastetxeei eskatzen badiegu? Gure presentzia bermatzeaz gain, datuen babeserako berme gehiago izan dezakegu. Saiatuko gara?