Ohitura hori daukat, idazten ditudan testu guztien arteko lotura egitea gustatuko litzaidakeelako, baina beti ez da posible. Ala bai. Urtarrilean, amesten amaitu nuen, ilusioz eta sinesmenez. Eta orain, sentimenduak etorri zaizkit gogora. Eta nola lotzen dira sentimenduak memeekin? Bagoaz...
Sare sozialetan hainbat eta hainbat meme ageri dira. Memeez ari garenean, irudiez, bideo laburrez eta halakoez ari gara; normalean, barregarriak direnak. Badakizue, batzuk geuk bilatzen ditugu eta beste batzuk agertu egiten zaizkigu, sare sozialetan dugun elkarreraginetik ateratzen dituzten datuak baliatuta eduki pertsonalizatua eskaintzen digutelako –onerako eta txarrerako–.
Bada, gaur, urtebete eskas zuen haur txiki baten bideo labur bat agertu zait. Bertan, haurrak negar egiten zuen putxero izugarriak egiten; hau da, beheko ezpaina pila bat ateratzen. Soinuarekin entzun dut, eta izugarrizko barreak egiten zituzten ikusten ez ziren hainbat helduk. Barrearen eraginez, haurrak barre egiten zuen mikrosegundo batez, baina gero berriro zetorkion negarra eta putxeroa itzultzen zen. Berriz helduen barreak eta berriz haurraren barre-putxeroa. Eta berriro helduen barreak...
Sentitzen ari zarete, ezta? Auzo-lotsa da. Teknologiaren eta gazteen arteko harremanaren gatazka bor-bor ari den momentu honetan, helduok halako bideoak igotzen ditugu, oraindik aztarna digitalik izan beharko ez luketen pertsonen esposizioa probokatzen eta haien lepotik barre egiten.
Heldu eta gazte, ezin dugu dena memetizatu. Pertsona baikorra naiz, eta, ezaugarritzen nauen idealismoari gogor helduta, esan nahi dizuet itxaropentsu jarraitzen dudala hezkuntza digitalarekin... baina adi: helduok ekuazioan sartzeko garaia da. Erdu!