Isuria

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2024ko urt. 27a, 00:00

Isuri hitzaren esanahietako bat da ikasi berri dudan kontu bat.

Gaztelerazko sesgo hitzaren parekoa omen da eta hala irakurri dut. Ez kezkatu, ez dut teknologiaz ez adimen artifizialaz hitz egingo –oraingoan–. Giza jokabideaz arituko naiz, eta uste dut benetan interesgarria den kontzeptu batekin topo egin dudala.

Berreste alderako isuri edo berresteko joera/alborapenaz ari naiz; hots, gure sinesmenak edo hipotesiak babesten dituen informazioa bilatzeko, interpretatzeko eta gogoratzeko joeraz. Harekin dakar arreta gutxiago eskaintzea alternatiba posibleei. Fenomeno horrek joera kognitibo mota bat eta arrazoibide induktiboaren akats sistematiko bat adierazten duela irakurri dut. Dirudienez, pertsonok isuri hori erakusten dugu informazioa hautatzean edo gogoratzean, edo modu partzialean interpretatzean.

Eureka! momentu bat izan nuen nire bikotekideak horren berri eman zidanean. Hainbeste eztabaida, konbentzitzeko esfortzu, argudiaketa sakon… erabilgarriak al dira? Posible al dira iritzi desberdinak dituzten pertsonen arteko elkarrizketa edo eztabaida eraikitzaileak? Isuri hori existitzen dela onartzea garuna nagia dela ontzat ematea al da? Agian, bai; baina egoskortasunaren beste irakurketa bat eskaini dit, nahi ez izatetik aldendu eta ezintasun edo estrategia faltara gehiago hurbiltzen dena. Eta, aizue, gustuko dut. Zergatik? Elkar ulertzeko aukera berriak ikusten ditudalako, enpatiaren maila kognitiboaren atea ireki izan balidate bezala. Hamaika aukera eta abantaila ikusten dizkiot isuri hori ezagutu eta ulertzeari: nire klaseetan, bileretan, lagunekin, familiarekin… Pertsonon arteko amildegiari zentzua bilatzeko aukera egongo balitz bezala. 

Ze polita, benetan. Poesia kognitiboa. Alternatiba eraikitzaile posibleak. Eta neuk amesten jarraituko dut, isuriak isuri, elkarrekin mundu hobea eraikitzea posible dela sinetsiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak