Intentsitatea, zaurgarritasuna eta sentiberatasuna hitzez ari naiz. Inoiz pentsatu al duzu zer leku duten zure bizitzan? Zuregan?
Intentsitatea. Maitasunaren, sexuaren edo poztasunaren bidelagun denean, a zer-nolako plazera, ezta? Baina minaren, tristuraren edo enpatiaren ondoan jartzean, komeriak has daitezke. Izan ere, oso intentsua den horrek dena hartzeko joera du, dena busti eta estaltzeko ere bai, arnasarik hartzeko lekurik ez uzteraino. Maitemina sortzen duen dohaina, zalantzarik gabe.
Zaurgarritasuna. Normalean, ahultasunaren sinonimotzat hartzen dugu, zaurgarria den hori zauritzeko, apurtzeko, mintzeko erraza dela onartuz. Baina Brene Brown ikerlaria frogatzen aritu da zaurgarritasunaren eta zoriontasunaren arteko harremana, eta, bitxia bada ere, zaurgarri agertzeko jarrera duten pertsonak zoriontsuagoak dira. Harrigarria, ezta?
Sentiberatasuna. Sozialki, ahultasun gisa kontsideratu izan da, eta, batez ere, emakumezkoen izaerari lotutako ezaugarritzat jo da eraiki den genero iruditerian edo eraikuntzan. Izakiak –animalia?– garen heinean, ordea, sentitzeko gaitasuna dugu, eta hori probesteari deitu geniezaioke sentiberatasuna. Dohaina ote?
Zer gertatzen da gure nortasunaren kokteleran berezitasun nabarmenik gabeko hiru hitz horiek sartzen baditugu? Bada, sendotasuna, helburuen lorpena eta arrakasta indibiduala txalotzen dituen eraikitako gizartean lekuz kanpo sentitzea ekar dezakeela, nor bere burua gutxiesteraino, sekulako sufrimenduaz.
Osasun mentala lehenengo lerrora ekarri dugun honetan, jar dezagun arreta pertsonon askotariko esentzietan; ezberdintasunetatik asko ikas dezakegulako. Norberarengandik hasita, noski.