"Bizitza badoa...

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2021ko api. 17a, 00:00

Eta zuek hor, begira!". Nirekin ikasi zenuten batzuek gogoratuko duzue esaldi hori; izan ere, Filosofiako Luis irakasleak askotan esaten zigun. Orduan, bazuen zentzua, askotan, "hor, begira" geratzen ginelako. Ezer egin gabe. Ezer galdetu gabe. Bizitzak bizitzeko ardura izango balu bezala, eta guk "egonean" egoteko eskubidea –edo betebeharra, auskalo!–.

Urteek aurrera egin ahala, zentzua galtzen ari dela iruditzen zait. "Hor, begira"? Batzuetan, begira egotea zer den ahaztu zaigula iruditzen zait, begiratzeko denbora dugunean bete egiten dugulako. Ez al zaizu iruditzen? Autobusari itxaroten edota medikuaren itxaron-gelan, adibidez. Sakelakoa izaten da satanizatua; baina, benetan, hau, hori edo bestea egiteko erabiltzen dugu: hiperaktibitate aroan bizi garela dirudi, bizitzari so egiten uzten ez digun hiperaktibitate autoinposatua.

Haurrak jaiotzen direnean, egoera hori okertu egiten dela dirudi, beti baitago zerbait egiteko, garbitzeko, antolatzeko, jasotzeko… "hor, begira"! Nolatan, ingurua kaos txiki bat dela ikusten duzunean? Egia esan, esaldiaren lehenengo atala presenteago izaten dugu: "Bizitza badoa…". Guraso bazara, ezaguna egingo zaizu sentsazioa: semeari edo alabari begiratu eta zeure buruari noiz handitu den galdetu. Kasu horretan, begiratu bai, baina… "bizitza badoa…"!

Egoera latza izaten ari da guztiontzat; batzuentzat beste batzuentzat baino latzagoa. Urtebete baino gehiago daramagu pandemia honetan murgilduta, era desberdinetako neurri murriztaileak pairatzen eta inguruan osasun-arazoak eta hildakoak sufritzen. Eta gure irakaslearen esaldia berriro etorri zait burura: bizitza badoa… eta ezin gara begiratzera mugatu. Gozatu, maitatu, barkatu, barre, dantza… bizi egin behar dugu. Haurrek ondo dakite hori egiten. Bihur ditzagun gure bidelagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak