Haurtzaroak udaberria adierazten du: dena da berria, dena koloretsu eta dena dago ezagutzeke. Udaberrian, zuhaitzek beren hosto berriei bidea egiten laguntzen diete, gure gurasoek gurekin egiten duten bezala. Jaio eta gero, indartsu egon daitezen eta urteko berderik politena izan dezaten zaintzen dituzte. Paisaiaren kolorea pizten dute hosto berriek, baita etapa horren zoriontasuna ere.
Gaztetasuna udaren parekoa da. Udan egunak luzeagoak dira eta gehiago aprobetxatzen dugu bizitza. Hostoek eguzkiaren izpiez gozatzen dute eta inoiz baino indartsuago eta politago daude. Jada haizearen borondatea jasaten ikasten hasiak dira. Gu ere halaxe egoten gara udan: bizitzaz gozatzen eta eguzkiak ematen digun energia xurgatzen. Gaztetasuna gozatzeko da, beraz.
Heldutasunaren parekoa da udazkena. Udaberrian ikasi eta gaztetasunean gozatutako guztiaren ondoren, hostoek bizitzari aurre egin behar diote. Dena ez da kolore eta eguzki; haize zakarraren eta euriaren aroa dugu udazkena, eta hostoek prest egon behar dute horretarako. Dena den, udazkenean aniztasunaz goza dezakegu: hosto bakoitzak bere kolorea du eta horrek xarma berezia ematen dio paisaiari: guztion batasunak egiten du posible edertasuna.
Azkenik, zahartzaroa dugu, neguaren parekoa: urtarorik gogorrena, dudarik gabe. Gutxi dira neguan zuhaitzetan mantentzen diren hostoak. Aroa benetan krudela bihurtzen da eta hotzaz eta zuritasunaz gozatzea besterik ez zaigu gelditzen. Hostoek, jada, ez dute ezer galtzeko: beren bizitza ederki aprobetxatu ondoren, paisaiaren aldaketa dastatzea eta gozo hartzea besterik ez dute. Zorionekoak zuhaitzetan mantentzen diren hostoak! Zorionekoak ere lurretik berriro jaioko direnak!