Ereduak eredu, politikagintzan norberatasun hori islatzen da; hau da, politikariek euren eginbehar politikoak eguneroko izaeran islatzen dituzte. Adibidez, argiketari bat bere lanean ustela bada, argiketari hori politikan sartuz gero ustela izaten jarraituko du.
Ustelkeria oso hedatuta dago; lupa txiki mordoxka jarri beharko genituzke gure egunerokotasunean. Zenbat alditan entzun dugu: "Fakturarik nahi?"; "BEZarekin ala BEZik gabe?"… Hori ere ustelkeria da eta hiritarrok konturatu behar dugu politikagintzan ari direnak hiritarren artetik irtenak direla; nolabait, gure politikari askoren jokaerak gizartearen isla dira.
PPko Barcenas, Matas edo Roldan bera euren eguneroko lanetan ustelak izango lirateke, ustelkeria eramango lukete euren baitan; gizartean etika falta handia dago, gehiago begiratzen zaio norberaren kolkoari kolektibitateari baino; hori ustelkeria da, etika usteldu egiten baita.
Gauzak aldatzen joan daitezen, politikariek eredu izan behar dute, etika on baten eredu eta jokabide zuzenen isla.
Galdera da: bada etika eta jokabideak neurtzen dituen test edo probarik? Estatistiken arabera, hiritarren bigarren arazoa politikarien ustelkeria da; beraz, hor daukagu datua non minimo batzuek egon behar duten hiritar bat politikari bilakatzeko.
Mulier non fit suspecta etiam suspicione vacare debe. Esaera latindar horrek dio politikariek Cesarren emaztearen modukoak izan behar dutela, ez dutelako bakarrik euren jokaerekin euren eredu propioa erakusten, politikari guztiona baizik.
Nire proposamena: unibertsitatera joateko probak egin behar diren moduan, mekanismo etiko bat jarri beharko litzateke; behintzat, etika minimo baten filtroa egin ahal izateko, gero politikagintzan aritzeko. Politikari defizita izango genuke? Eta hau izango litzateke gure gizartearen isla? Ez da arduratzekoa?