... baina egiak gezur bilakatzen direnean… Bada urtebete pasatxo Madrilgo Gobernuan alderdi popularra Estatuko etorkizunaz kargu egin zela, eta egia da Espainiako hiritar gehienek eman diotela enkargu hori; beraz, legitimazio osoz daude Moncloatik euren eginbeharrak egiten.
Gauza da politikan zerbait saltzen dela eta komertzioan bezala izan beharko litzatekeela, "si no le convence devuélvalo" esaten den hori. Politikagintzan zerbait saltzen da; ez da zerbait tangiblea, baina bere balioa dauka. Alegia, ideiak dira, promesak. Zer gertatzen da promes horiek ez direnean betetzen? Lau urte itxoin beharra daukagula berriz gure politikariak aldatu ahal izateko. Nire ustetan, promes horiek kontratuak dira; beraz, betetzen ez badira, sinatutako kontratu hori apurtu egin beharko litzateke. Hau da, berehala hauteskunde-deialdia egin eta hiritarrek aukera dezatela jarraitu nahi duten kontratu horrekin ala ez. Zergatik? Zentzuzko gauza bategatik: ezin dugulako politikariok hauteskundeetara egin ezin dugun gauzekin herritarrak engainatu.
Erraza da promesak momentu baten airera isurtzea, baina promes horiek haizeak eramaten ditu; horregatik, lege bat bultzatu beharko genuke, politikarien promesak kontrolatzeko. Herritarrok sinatzen dugu politikariekin kontratu hori; beraz, erantzukizunak eska ditzakegu.
Mariano Rajoiren Gobernua egin behar ez denaren etsenplurik klaruena da: hainbat eta hainbat promes egin zituen eta oraindik bat ere ez aurrera eraman. Eta hori ez da txarrena: askok eta askok botoa eman zioten, gaur egungo arazoen konponbidea zelakoan, eta hara non gauden: Espainiako arazoak txarrera joan dira eta oraindik beste hiru urte geratzen dira Mariano Rajoiren Gobernuaren ezintasuna sufritzeko.
Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau.