Afrikaren Eguna ospatzea emakume eta gazte afrikarrak ospatzea da

Erabiltzailearen aurpegia Mundukide 2022ko mai. 25a, 13:00

Amtu Akumfi-Ameyaw.

Mundu osoan, emakumeek eta gazteek ahalegina egin dute aintzatespena, arreta, inklusioa eta abar jasotzeko. Horiek guztiak lortzeak gogobetetze-maila handia eragiten die. Horrexegatik, Nazio Batuek, beren Garapen Iraunkorrerako Helburuetan, andrazkoekin eta gazteekin lotutako gaiei heltzen diete, horretarako helburu zehatz hau ezarrita: GIH 5 – Genero-berdintasuna.

Zalantzarik ez dago Afrikan arrakala hauek handiagoak direla, faktore oso ezagunak direla kausa, pobrezia, kasurako. Baina bidegabea eta desegokia litzateke Afrikako andre eta gazteek urteetan egin dituzten ahaleginak eta aurrerapenak ez balioestea. Politiken berrazterketaren eta ezarpenaren bidez laguntza jaso dute, bai eta inklusio eta posizionamendu estrategikoen, eta mundu-mailako aukera-sorkuntzaren bitartez ere. Gaur, 2022ko Afrikaren Egunean, aipatu kolektiboak omendu nahi ditut, bereziki emakume gazteak, zeinak lan itzela egiten ari diren gure kontinentera oparotasuna eramateko.  

Politika publikoen bidez jasotako laguntza aurrerapausoa izan da andre eta gazte afrikarren bizitzan. Nire herrialdean,  Ghanan, 2010ean berriro promulgatu zen gazteen parte-hartzea sustatzeko gazteria-politika, lehentasunezko bost alor hauei begira: hezkuntza eta lanbide-heziketa, ikerketa zientifikoa eta teknologia, informazioa, komunikazioa eta teknologia (IKT), eta gazteen enplegua eta enpresa-garapena. Politikara mugatu gabe, Ghanak nazioarteko proiektu garrantzitsuak abiatuz erakutsi du lehentasun horiekin duen konpromisoa. Hezkuntza Ministerioak NESKATILAK IKT-ETAN programa bultzatu du (goi-mailako hezkuntzan nik neuk bideratzen dut), non neskatoek, lehen hezkuntzatik goi-mailakora, teknologia berriei (programazioa barne) buruzko hainbat ikastarotan parte hartzen duten; irabazleek, beren jatorrizko mailaren arabera, beren komunitateentzako ekipamendu informatikoak jasotzen dituzte, edo maila handiagokoek zuzenean parte hartzen dute IKT inkubagailuetan. Hezkuntza Ministerioak hala Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako (STEM) nola Lanbide Heziketa Teknikoko bigarren hezkuntzako eskolak eraiki ditu, dagoeneko abian direnak, baita estatu-mailako bi unibertsitate ere, zeinetan ekintzailetza nahitaezko irakasgaia den lehen urtetik laugarrenera. 

Ghanan, genero-politika nazionala ere badago, pobrezia femeninoa eta emakumeek justizia eta osasuna, besteak beste, bermatuta izateko bidea jorratzen dituena. Era berean, herrialdeko zenbait erakunderen ardura bakarra politika horiek betetzen direla zaintzea da, Ghanako Enpresen Agentziarena eta Mikrofinantzen eta Mailegu Txikien Agentziarena, esaterako. Sierra Leonan, azken 5 urteotan, eragin handiko politika publikoak ezarri dira, indarkeriaren, jazarpenaren eta sexu-abusuen gaineko ikuspegi errealistari heldu izana, adibidez.

Azken urteotan, Afrikako herrialde askok botere-posizioetan jarri dituzte, estrategikoki, andreak eta gazteak. Haiek irtenbide berritzaileak eskaintzen dituztela erakutsi dute, ez parrokiakoak eta patriarkalak; beraz, garrantzitsua da goi-mailako karguak eta postuak bete ditzaten, hartzen diren erabakietan zuzeneko eragina eduki ahal izateko. Namibian, andrazko gazte hauek ditugu: Daisry Mathias, Presidentearen aholkularia; Emma Inamutila Theofelus, IKT ministrordea; eta Patience Masua, herrialdeko Parlamentuan hautatutako emakumerik gazteena. Ghanan, berriz, Jake Bediako, 2018an diasporaren gaietarako gazteen enbaxadorea izan zena Presidentearen bulegoan eta orain gazteen parte-hartzerako enbaxadorea dena. Gobernuko agentzietako zuzendari nagusi gehienak gazteak dira, eta diputatuetako asko emakumezkoak (gazteak); are gehiago, Parlamentuko kide gazteenak andreak dira, Francisca Oteng Mensah, esaterako, Ghanako Parlamentuan sartutako gazteena.

Afrikako emakumeak eta gazteak, gainerako pertsonak bezalaxe, eskura dituzten aukerak baliatzen ari dira, hala nola gazteen kontseilu eta batzordeetan, beketan eta abarretan parte-hartze handiagoa izatea. Ekintzarik eta ideiarik ez zaigu falta; laguntza finantzarioa, ordea, bai. Gaurko gazteak etorkizuna bideratzen ari dira jada. 

Afrikaren Egun zoriontsua izan dezazuela!

Amtu Akumfi-Ameyaw

Grupo Pro-África - Afrikaren Alde Taldea (Afrikan lanean diharduten Euskadiko eta Nafarroako 16 GKEren sarea)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak