Ezta maila pertsonalean ere. Bazterrak nahastea deserosoa da, orain deitzen den konfort-gune horretatik ateratzea ez da batere erraza. Orain dela urte gutxi arte gertatutako auziak dira, baina jada jende gazte askok ez ditu ezagutu edo oso modu lausoan oroitzen ditu. Bakean dagoena bakean laga.
Arazoa da bake-bakean gaudenik ezin dugula esan, jendarte moduan. Txarto itxitako zauriak hor daude, aurretik zetozenak ere bai, eta era horretan ezin dugu izan osasunik edo benetako bakerik. Asuntoa da Donostia Zinemaldia aurten bereziki oparoa izan dela euskal ekoizpenei dagokienez –hau itzelezko albiste ona da–, eta, zehazki, euskal gatazkari buruzko lanak kontuan hartuta.
Bost film dokumental aurkeztu dituzte 70. edizio honetan: Gesto (Xuban Intxausti, Gesto por la Paz erakundearen 30 urteko ibilbidea errepasatzen duena), Bi arnas (Jon Mikel Fernandez, torturaren testigantza bi ikuspuntutatik, alabarena eta amarena), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, Yoyesek Mexikon idatzitako egunkariarekin), 918 gau (Arantza Santesteban, pelikula autobiografikoa, bi urte eta erdiko kartzelaldiaren bizipenekin) eta Karpeta urdinak (Ander Iriarte, torturen labirintoan ere murgilarazten gaituena).
Bost horietatik bi ikus-entzun ahal izan ditut Zinemaldian bertan, bata bestearen atzetik arratsalde berean: Gesto eta Karpeta urdinak. Bi zinema-areto desberdinetan egon ziren pelikulak, eta sentsazioa izan nuen bi mundu desberdin zeudela bi aretoetako publikoaren artean. Entzuten ziren hizkuntzak ere desberdinak ziren, profilak ere bai –honek asko dauka aurreiritzietatik–, eta nire galdera zen pelikula bateko publikotik zenbat izango ziren gai beste pelikula ikus-entzutera joateko. Zenbat egongo ziren prest erosotasunetik ateratzeko eta zinema-aretoz aldatzeko.
Bertigorik handiena sentitzen dugu, zalantzarik gabe, gure esparrutik haratago ausartzen garenean eta beste esparruhorretara hurbiltzen garenean. Are gehiago, besteen begiradak gainean baldin baditugu eta besteen esanak entzun behar baditugu. Hala ere, denborak, sarritan, distantzia hori ematen digu askeago mugitzeko, besteei begietara begiratzeko, denok barruan dugun enpatia-gaitasuna lantzeko. Ausartuz gero, oso ariketa aberasgarriak suertatu daitezke guztientzat.
Beldurra ematen digu, oro har, minera hurbiltzeak; funtsean, enpatia-txinparta hori pizteak beldurtu egiten gaitu, guk geuk minaren zati bat sentitzeak. Gaixotasunekin antzera gertatzen zaigu; are gehiago, suizidioarekin eta indarkeriarekin, noski. Heriotzak naturalak ez direnean okerragoa da, baina, aurretik ariketa enpatiko horiek inoiz egin baldin badituzu, askoz errazagoa da kontua.
Bistan da, deserosotasun kolektiboa ez da Euskal Herrian soilik jasaten dugun gaitza. Indarkeria politiko bortitza pairatu duten beste herrialde batzuetan ere tabua apurtzeko eta dolu kolektiboan laguntzeko zinema ere erabiltzen dute –literatura, antzerkia, musika edo beste arte batzuk oso baliagarriak izan daitezkeen bezala–. Aurtengo Zinemaldian Argentina 1985 (Santiago Mitre) aurkeztu dute, Ricardo Darin aktore lanetan; benetako gertaeretan oinarritutako fikziozko pelikula da. Botere aldetik –kasu honetan, diktadura argentinarretik– etorritako torturak eta bortizkeria, beste eskala batean, konparatu daiteke hemen sufritutakoarekin. Karpeta urdinak eta Bi arnas dokumentaletan jasotakoarekin, adibidez. Munduko herrialde guztietako min eta doluak, testuinguru honetan, elkarren oso antzekoak izan daitezke.
Arrasaten 2017ko abenduan S(u/a)minetik bakera obra eszenikoa estreinatu genuen, orain dela ia 5 urte, eta ibilbide honetan hamazazpi funtzio egin ditugu; gehienak, Gipuzkoan. Gehienak, Baketik elkartearen eskutik –Inesa Aristimuño eta taldea–. Azkena Soraluzen izan zen, 2020ko azaroan, eta solasaldian bi protagonistak izan genituen gurekin: Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco. Euren dolu-prozesuak abordatzen ditugu, indarkeriaren inguruko hausnarketarekin batera, baita higatutako hitz batzuena ere: elkarbizitza, bakea, barkamena, tolerantzia, enpatia… Aitor Mudoh lagunak musika konposatu du propio. Jatorrizko bertsioa elebiduna da, eta azpitituluak jarrita.
Udazken honetatik aurrera, oraingoan Bakeola elkarteak antolatuta, ibilbideari jarraituko diogu. Lehenengo aurkezpena, urriaren 25ean, Orion. Besteak, zehaztu barik. Halaber, abenduaren 1erako Gasteizen beste emanaldi bat aurreikusten dugu. Gure hondar-alea puzzle handi honetan, beste ahalegin bat beste tabu hau apurtzeko, zintzotasunez hitz egiteko eta arretaz entzuteko.
Amaitzeko, hau da bakearen inguruko iruzkin bat, lehengo egunean Anjel Errok egunkarian irailaren 21ean argitaratua: "Atzo, Bakearen Nazioarteko Eguna izan zen. Izan omen zen. Nik ez nuen deus nabaritu. Barne bakea, beharbada".
Barne bakea, hortxe dago helburua; maila pertsonalean, behintzat. Maila kolektiboan beste upeleko sagardoa da.