Mendirik mendi

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2022ko ots. 27a, 00:00

2021eko abenduan Bilbon aurrera atera ahal izan zuten Mendi Film Festival zinemaldiaren 14. edizioa, pandemiaren seigarren olatu bortitza gorabehera. Ikus-entzule egon naiz oraingo honetan, etxetik bestela, online. Film guztien artean bat aukeratu nuen, aurreko ediziotik jakin-mina piztu zidana: hemen egindako dokumentala, Euskal Herrian, Mendiak 1976 izenburukoa, Luis Arrietak zuzenduta eta Daniel Burgik idatzita.

Bi sari eraman ditu pelikula nafarrak Bilboko zinemalditik, Mendiko film onena eta Ikusleen saria kategorietakoak. Zazpi mila metroko mendi batera egindako lehenengo euskal espedizioaren nondik norakoak kontatzen dituzte. 1976 hartan igotako Shakhaur mendia (7.116 metro) Afganistango ipar-ekialdean kokatuta dago. Nafarroako taldeak lortutakoa izan zen lehenengo zazpimilakoa euskal alpinismoaren historian. Zoritxarrez, gailurretik beherako bidean, Leandro Arbeloa hil zen, eta Gerardo Plaza zaurituta gelditu. Gainontzeko taldekideak izan ziren Gregorio Ariz, Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa, Javier Pastor eta Julian Lasterra –urtebete geroago hil ziren biak Mont Blanc aldean–, Abel Albira, Julian Ayucar eta Trini Cornellana. Espediziokide batzuek poloniar alpinista batzuen laguntza handiarekin lortu zuten Gerardo Plaza onik jaistea menditik –lau urte geroago hil zen, etxean, 27 urterekin, bere buruaz beste eginda–.

Elkartasuna eta mendizaleen balio zaharrak. Bizitza eta heriotza. Asko gustatu zait zelan jorratzen duten gaia, doluaren bideak, modu akademikoz baino gehiago, hitz arruntekin, ulergarriak. Alde ilunak ezkutatu barik. Eta, gaztelera hizkuntza nagusia izan arren, euskara ere ez dute ezkutatzen, eta euskaltasuna. Ahal baduzue, joan ikus-entzutera.

Bitartean, abenduan, Oñatin geurea aurkeztu ahal izan genuen, azkenean: Mendian hil. Hirian hil. Aurreko paragrafoan aipatutako antzeko ildoetatik, izan ere. Jendeak erantzun zuen, eta hori beti pozgarria da norberarentzat. Dagoeneko ezin dut ukatu zein kuttuna den herri hau niretzat; orduan, poz bikoitza.

Urtarrilean, bestela, Debagoienean gelditzen zitzaigun azken herrian egon ahal izan ginen: Bergaran. Gainera, bi egun jarraian doluen bideei buruz berbetan ibili ginen Seminarixoan. Lehenengoan, Eider Otxoak eta biok egindako hitzaldian, oso txukuna gelditu zen sentsazioa utzi zigun. Eta bigarrenean, dokumentalarekin. Ez dira gutxi izan urte hauetan ikusi ditudan gaixo bergararrak, eta okasio hauetan modu batean edo bestean gogoratzen ditut hemen jada ez daudenak.

Bitxikeria moduan, Bergarako proiekzioaren egunean bertan, beste emanaldi bat programatu zuten Galizian, Ourensen. Sekula ez zaigu gertatu beste bi dokumentalekin aldi berean bi leku desberdinetan programatzea. Gainera, bat hemen eta bestea kanpoan. Hauek ere gertatzen ari dira.

Añorgan gertatu dena, bestela, bertako kultura eta kirol elkarteak aurten 100 urte bete dituela. Eta eurek gonbidatuta bertan aurkeztu genuen geure pelikula, 2022ko bigarren saioa izan zena. Hirugarrena Bizkaiko mendebaldean egin genuen, Enkarterrietan, Zallan. Bertakoa zen arrastoa laga zidan paziente bat, lankidea ere bazena. Polita izan zen haren gurasoekin berriro elkartzea.

Zenbakitan, 15 hilabetetan 100 emanaldira hurbiltzen ari gara. 50 udalerritan egon gara orain arte. Eta datozenen zain, kontatu daitekeena da Donostiara itzuli behar dugula otsailaren amaiera honetan. Easo Politeknikoan egon nintzen Aulki hutsak-ekin, eta orain berriro ikasle gazteekin gai hauek jorratzera hurbilduko naiz; betiere, interesgarria dena.

Martxoan bi udalerri oso desberdin bisitatzeko asmoa dugu, Euskal Herriko bi muturretan: Otsagabia eta Getxo. Nafarroako Pirinioak eta Bilboko itsasadarraren Eskuinaldea. Mendialdean hil ala hirigunean nahiko desberdina da. Populazioa beherantz joan ala gorantz.

Maiatzean Orion errepikatuko dugu, eta ekainean Tolosan. Oria ibaiak lotzen ditu bi herri gipuzkoarrak, kostaldea eta barrualdea. Lehenengoa izango da mendi elkartearen giroan, eta bigarrenean, komunitate errukitsuak deitzen ditugun testuinguruan.

Azkenik, lortzear dugu Palma de Mallorcan pase berezi bat, Espainiako Zainketa Aringarrietako kongresuaren atarian. 2019a ezkero ez dugu ezer egin ahal izan modu presentzialean, eta SECPAL 2022 biltzar honek apurtuko du bolada txarra, azkenean. Halaber, Huescako Pirinio aldean ere interesatu dira geure proiektuarekin.

Osasuna!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak