Orain arte, proiekzio osteko solasaldietan behin baino gehiagotan atera den puntua oraintxe aipatutakoa da: Aretxabaletan bezala, gai izatea gogoratzeko, omentzeko eta, aldi berean, bizitza ospatzeko. Horixe da pelikula honen mezu nagusietakoa. Gainera, Cresporen kuadrillaren kasuan, bereziki pozgarria da 20-25 urteko jendeak heriotzaren aurrean horrela jokatzea. Pozgarria da, zinez.
Badakizuenez, Arteman Komunikazioarekin egindako hirugarren lana da hau, doluaren prozesuei buruzkoa. Aurreko bi proiektuetan ere ibilitako Josu Txintxurreta izan dut bidelagun, orain ezagutu dudan Eider Ballinarekin batera. Eurek egin dute pantailan islatzen den ikus-entzunezko magia. Niretzat, behintzat, oraindik magia baita.
Musikari dagokionez, soinu-bandak aipamen berezia merezi du, Eñaut Zubizarreta prototxelistak propio egindakoa. 2021eko otsailean argitaratu zituen bertan dauden sei abestiak, Gernikako Forbidden Colours diskoetxearekin. Interneten topatuko duzue diskoa.
Ibilbide honetan, Gipuzkoa izan da, alde handiz, gehien bisitatutako lurraldea hamabi hilabete hauetan. Emanaldien erdia bertan egin dugu, egondako udalerri guztien erdia gipuzkoarrak dira. Eskualde guztietan egon gara, gainera, dagoeneko. Bizirik dago mendizaletasuna bertan, baita hizkuntza ere. Gogoratzeko moduko solasaldiak izan ditugu; denen artean, Ordiziakoa azpimarratuko nuke, baita Donostiako hura ere, Principe zinemetan egin genuena. Zarauzkoa oso berezia izan zen, bizi naizen herria izateaz gain, bertakoa zelako dokumentala eskaini diodan pertsona.
Nafarroan, Iruñeaz aparte, Bortzirietan bi herritan egon gara: Lesakan eta Arantzan. Lehendabizikoak, arlo pertsonalean, esanahi handia izan zuen. Izan ere, aita, ama, amatxi eta abueloa bertan lurperatuta ditut. Hiriburuan, bestela, Mendi Tourra guztiz arrakastatsuagoa izan zen. Bi saio eskaini genituen arratsalde berean, eta bigarrena bikoitza izan zen, bi aretotan sartu behar izan zelako jendea. Itzela. Borobiltzeko, Izaban udako emanaldi ederra izan genuen, aire librean. Eta bertan errepikatuko dugu abenduan, mendi zinemaldi batean.
Bizkaian, Bilbon estreinatu ostean, Golem zinemetan egon zen karteleran astebetez, Alondegian. Bestela, Durangaldea izan da eskualderik ibiliena, diferentzia handiz. Bertan, Zaldibar, Iurreta eta Mallabian egon gara, eta laugarren udalerria badator urteko azken hilabetean: Berriz.
Araban, Gasteizez eta Aramaioz gain, Aiaraldeko bi udalerri nagusietan egon izan gara: Amurrion eta Laudion. Eiderren herrian arrakasta erabatekoa izan zen, harrera ezin hobea. Gasteizko Mendi Tourra ere jendetsua eta bizipozgarria suertatu zen.
Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Mendi Filma eta gero Aitor Elduaien eta taldeak egiten duten lan fina, Tourrarekin. Hamar saiotan egon gara eurekin, eta antolakuntzaren aldetik eta transmititzen duten guztiarekin benetako plazera izan da. Oso eskertuta.
Euskal Herritik kanpora ere irten izan gara; lehenengoa, apirilean, Burgosen. Bigarrena, modu birtualean, Brasilgo Mostra Filmes de Montanha jaialdian izan zen, irailean. Azaroaren hasieran, online izan ginen Mallorcatik antolatzen duten Dando vida a la muerte jaialdian, eta era presentzialean hemen, Gipuzkoan, egon ginen.
Azaroan, azkenik, Katalunian egon ginen, Torello Mountain Film Festival-eko sekzio ofizialean, Estatu mailan mendi zinemaldirik beteranoena dena – aurtengoa 39. edizioa izan da–. Bilbokoarekin batera, festibal nagusietakoa ere bada. Galizian ere, Lugon, Allarizen eta Ourensen proiektatu dugu dokumentala asteburu luze batean, eta mendizaletasuna han ere indartsu dagoela ikusi dugu.
Debagoienean, bi herri handi gelditzen zaigu bisitatzeko. Abenduan Oñatin egongo gara, azkenean; beste plaza eder bat da. Eta Bergaran 2022ko hasieran emango dugu, heriotzaren inguruan prestatzen ari diren jardunaldi interesgarri batzuetan txertaturik. Datorren urtean aurtengo erritmoarekin ez garela ibiliko bistan da, baina orain arte izan ez garen toki batzuetan izatea da erronka. Pandemiak baldintzatu gaitu, neurri handi batean, aurten; zaila da jakitea zer datorren, baina esperantzara kondenatuak gaude.
Amaitzeko, erantzunik gabeko galdera batekin gero arte esango dizuet. Izan ere, behin baino gehiagotan egin didaten galdera da: "Hurrengorik?". Zeozer badago, baina, momentuz, hortxe lagako dugu.