Zaharra izan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2021ko urr. 10a, 00:00

Adinekoen asteak antolatzen dabiltza gure herrietan egunotan. Zarautzera, adibidez, urriaren 5ean Julio Gomez ekarri genuen, Zainketa Aringarrien Nazioarteko Egunarekin ere bat egiten. Zarautz On-en eta Zarautz Herri Zaintzailearen arteko urteroko elkarlana da, laugarren urtez egin duguna.

Arrasaten, bestela, irailaren 27rako mahai inguru bat antolatu zuten, zahartzaroari buruzkoa, ikuspuntu desberdinak jaso nahian. Bertan egon ginen Izarra Gonzalez –erretiratua–, Miguel Angel Laspiur – Arizmendiarrieta Lagunak–, Olatz Etxabe –Iturbide egoitza– eta ni neu. Erantzun behar izan genuen lehenengo galdera, bere horretan, mami handikoa zen: Noiz hasten da bat nagusi egiten, zahartzaroan sartzen?

Neure seme-alabei galdetuz gero, "40-50 urterekin" erantzungo zuten, akaso. Hau da, gurasook daukagun adina. Neuk ere horrela pentsatzen nuen gaztetan, eta horrela esaten nion aitari, zaharra deitzen nion. Haren erantzuna beti zen berdina, zahartzaroaren alternatiba okerragoa zela; ez iristea, alegia. "Bizitza, tarteka, oso krudela da". Batzuetan, galdetzen diot neure buruari zergatik tematzen zen hori esaten. Izan ere, aita marra ofizialean gelditu zen, 64 urterekin hil zen, 65ak egiteko hilabete bat baino gutxiago geratzen zitzaionean.

Dena den, seme-alabak ez dabiltza oso oker. Hilabete honetan iritsi zait koloneko minbizia goiz detektatzeko programan parte hartzeko deia, 50 urte betetzear nagoelarik. Gainera, azken bolada honetan pentsiodunen borroka neuretzat hartzen dut. Asko eskertzen diet egiten ari direna, jo eta ke, eta, aldi berean, argi daukat oraingo pentsiodunek baino gehiago, guk geuk egon beharko genukeela hor, manifestazio eta mobilizazioetan. Gazteagoak garenon etorkizuna da kolokan dagoena, ez eurena.

Beraz, noiz sartzen gara zahartzaroan? Atzo gogoratu nien ekitaldira etorri zirenei pandemian gertatu dena, askorentzat oso inpaktantea izan dena: paziente larriak zainketa intentsiboetara noiz bidali ditzakegun eta noiz ez. Ez da koronabirusarekin soilik gertatu den gauza bat, hau guztia baino lehen beti planteatzen den dilema baizik. Badaude argi dauden kasu batzuk, bidaltzeko ala ez bidaltzeko. Eta erdian, zalantzak eragiten dituzten kasuak. 80 urteko muga da inon idatzita ez dagoen baldintza, behetik bai eta goitik ez. Noski, badaude 80 urtetik beherako pertsonak funtzionalki edota kognitiboki oso kaltetuta daudenak, eta bidaliko ez genituzkeenak. Eta alderantziz. Pandemiak ekarri duena izan da zorroztasun handiagoa, eta kasu tamalgarriak izan ditugu adinaren arabera bakarrik, kontuan hartu barik autonomia maila eta buruko fakultateen egoera.

65, 70, 75, 80 urte? Gazteak/ zaharrak dikotomia planteatzen badugu, txarto hasiko gara, nire ustez. Adin ertainekoa ez da oso kontzeptu erakargarria izango, baina hor gaude gutariko asko sartuta, 40-65 urteko tarte horretan –bota gora beheko muga nahi baduzu, baita goikoa ere–. Gazteak dira 20-30 urtekoak, zaharrak 80-90 urtekoak. Bai, ezta? Eta hemen dator sorpresa: zaharra edo adinekoa izateak ez dakar, automatikoki, makala, ezdeusa edo baliorik gabekoa izatea. Zaharra eta txarra ez dira sinonimoak. Zaharra, agurea eta atsoa ez dira irainak, edo ez lukete izan beharko.

Oso oinarrikoa da hau guztia, baina mota guztietako eufemismoak erabiltzen ditugu egunero hitz tabuak ez aipatzeagatik. 80 urte inguruko paziente batek, gaixotasun aurreratuarekin eta klinikoki larri zegoenak, esan zidan "vejez permatura" zela etorri zitzaiona. Gazte sentitzen zen… baina ez zen. Lege naturala da, 40-45 urtetik aurrera gehien-gehienok galtzen goaz, ilea, indarra, ikusmena, entzumena, oroimena… Biologia hutsa da. Gaur, erizain batek esan dit 86 urteko paziente bat ez dela hain zaharra, zaharragoak izaten ditugula. Noski. Baina kontuan hartuta Euskal Herrian horixe dela emakumeen batez besteko bizi-itxaropena, ez dakit, ba. Hau da, emakumeak gure herrialdean, batez beste, 86 urterekin hiltzen dira.

Esparru subjektiboa da, zenbakiek ez dute besterik gabe agindu behar, ados. Salbuespen harrigarriak denok ezagutzen ditugu, bejondeiela. Eta, bitartean, inork ez du zaharra izan nahi. Nik bai; zalantza barik, gainera. Iristea asko gustatuko litzaidake, lorpena izango litzateke. Aitak arrazoia zeukan. Ama ere bidean gelditu zen, 73 urterekin. Zaharra izan eta ahalik eta egoera onenetan, badaezpada ere. Ez dakit 75 urte arte tokatuko zaigun lan egitea...

Post-data: Javi Yanguas gerontologoak Pasos hacia una nueva vejez. Los grandes retos sociales y emocionales de la madurez izenburuko liburua kaleratu du. Adinekoen esparru honetan aditu ezaguna da bera, eta argitalpenak itxura bikaina dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak