Gai delikatu bat hartuta dokumental bat egin behar dogu Atxabaltako Arteman kooperatibagaz. Doluaz. Edo zer gertatzen jakun maite dogun nonor hiltzen danean: amesgaizto batean gagozala, ez dakigu noz sartu garen ezta noz atarako be, baina holako batean esnatu eta alboan ama, aita, emaztea, senarra, ahizta, anaia, alaba edo semea edukiko ditugula. Mina, hori holan ez dala gertatuko jabetzean. Eta hasarrea bizitzagaz, senideekin, medikuekin, jaungoikoagaz. Tristura, urdintasuna, burumakurtasuna. Eta azkenean, laster edo berandu, pakea. Ahanztura barik, baina pakea.
Musika osagai garrantzitsua izatea da beste helburu bat, mamia eta irudiekin batera. Hamen, geure hizkuntzaz eta azken bi hamarkadetan egindako abestiak izango dira.
Protagonistei jagokienez, hiru txantxikuk eta atxabaltar eta arrasatear banak parte hartuko dabe. Aloñako mendiek, Arantzazuko atxek, Urkuluk, Udalatxek eta Apotzagako bazter eder horrek be bai. Mondragoeko urteetan ezagututako jenteari esker izango da hau guztia hein handi batean, batzuk agertuko dira pantailan eta beste batzuk izpirituan. Botxotar erraldoi bi, easotar harribitxi eta aitabitxi bana, Errenteriako urrezko meategia eta kaliforniar euskalduna. Gurutzetako azken ibilbide honetan topautako horiek be eseriko dira aulki hutsen ondoan. Txagorritxuko lagunak. Eta aita, noski.
Iruñean, beste pertsonaia erraldoi bategaz, ekin deutsagu errodatzeari pasa dan astean. Datozan asteotan jo eta ke ibiliko gara batetik bestera.
Urtea amaitu baino lehen prest edukitzea gura dogu, eta hortik aurrera osasun foroetan, unibertsitateetan eta herriz herri egindako emonaldietan aurkezteko asmoa deukogu. Horietako batean alkar ikusiko dogu, gura badozue, gonbidatuta zagozie. Osasuna!