... hego baskistandar askok sekula bisitau ez dabenak. Hego Baskistanen bestela alkarren aurka borrokan sarritan dagozan bi probintzia ditugu itsas ondoan, turista guztiek ezagutzen dituztenak. Eta barnealdean alkarregaz oso antzekoak diran beste bi ditugu, kilometro karratuei jagokienez bi handienak eta euri prezipitazioak kontuan hartuta legorrenak. Alde batetik desioaren objektu iluna deukogu, eta bestetik ahaztutako alaba.
Azken hau basamortua da Kantauri isurialdetik begiratuta, Aramaixoko oasia eta ur putzu batzuk kenduta. Egia da behintzat euskaldun kopururik txikiena Gorbeia, Elgea eta Urkillako mendilerroetatik hegoalderuntz bizi dala. Uriburuan etorkin mordoa bizi da, eta horietatik heren bat musulmanak dira. Uriko ikurrak dira Katedral Zaharra, San Migel, San Pedro eta San Bizente elexak, baina gaur egun zortzi meskita be badituzte, Annur izenekoa handiena izanik. Halaber, gaztelania ez diran beste hizkuntzak (arabiera barne) euskara baino gehiago mintzatzen dira. Baina horixe bera gertatzen da Gasteizen ez ezik Bilbon eta Iruñean be.
Izan be, Ibaizabalgo uriburua eta Zadorrakoa ez dira hain desbardinak hizkuntza kontuetan. Elebidunen portzentajeak eta bestelako datuak oso antzekoak dira uri bietan gaur egun, harrigarria benetan, blog honetan ikusi dezakezuen legez: http://allartean.blogspot.com.es/2012/10/euskal-hiriak-bilbo-vs-gasteiz.html.
Hamengoa munduko onena izendatu daben arren, hango eta hamengo alkateak erdaldunak dira. Eta geuk Kafe Antzokia badeukogu, baina laster eurek be edukiko dabe. Probintzia osoan elebidunak hirukoiztu egin dira 1991tik 2011ra. Eta nahiz gehienak erdaldunak izan, gehienak euskaldunak sentitzen dira. Bitxia. Azkenean ez dira hain "mairuak" izango…