Ez esan ez dozuela inoiz sentidu harrapatzen zaituen liburu horietako bat irakurtzeko plazera urrutiko kanpin batean, edo hondartzan lasai-lasai eta itzalean egunkaria. Ganera uda partean jaiei buruzko albisteak, kirolak, kontzertuak eta kontu arinak erraz sartzen jakuz, barriemoile jatorrak izaten dira Joan, Kepa eta Fermin Deunak, Celedon jauna eta Mari Jaia andrea, besteak beste. Aurton ganera Londresko Olinpiar Jokoak izango ditugu, ez gara Wimbledon, Frantziako Tourra edo Errealeko aurredenporaldiagaz bakarrik elikatuko ba!
Baina mendi apaletara igotzeaz gain, denpora eta gogoa edukiz gero mendi garaietara iristen be saiatu geinke. Neuk behinik behin 8.000 metrokoa baino 658 orrialdeko Lur bat haratago liburukotea jatea lortu neban aspaldiko uda batean. Munduko beste musturrean nengoan, baina Joan Mari Irigoienek ekarri ninduan bueltan Nafarroa eta Lapurdi aldera eta denporan XVII. mendea arte atzera egin neban bere eskutik, bidaia luzean baina erabat entretenigarrian.
Hurrengo erronkari ez dakit uda honetan ekingo deutsadan edo Durangoko egunetara itxarongo. 784 orrialde neurtzen da mendia, eta Martutene izena deuko. Gertu-gertuko lekuak, sasoiak eta kontuak ei dakartza, euskal gatazka politikoa fondoan. Eta aperitibo moduan, txakolin hotza eta pintxo goxoa adibidez, hausnarketa hauekin lagako zaituztet. Lelengoa idazlearena berarena da, Ramon Saizarbitoriarena Berria-n: "Uste dut fikzioak errealitateak berak baino hobeto adieraz dezakeela egia, fede onez idazten denean behintzat". Eta bigarrena Idurre Eskisabelena, egunkari berean: "Negozio gizonen logika irentsi, eta fede onekoa tonto bihurtu dugu. Nago fede onaren bandera ez ote den gaur egungo ikurrik irreberenteena".
Ondo ibili oporretan!