... danok modu batean edo bestean egin izan dogu. Basakeria txikiak izan leikez, inurritegiak erasotzea edo sugandilei buztana moztearen modukoak, edo handiagoak, txakurrei alkohola edanaraztea, katuen ipurtzuloetan petardoak ipintzea. Edo kontu basatiagoak.
Adinean aurrera, suposatzen da eboluzionatu eta zibilizatu egiten garela. Baina hori suposatu bakarrik egiten da. Kasu batzuetan geure burua "sofistikatu" besterik ez dogu egiten. Lekeitioko jaietan egiten dan antzara-jokoa adibidez ez da ume jolasa, helduek egindako basakeria baizik. Eta atara kontuak orain dala urte batzuk antzarak bizirik egoazala burutik tira egiten eutsienean...
Antza danez oso dibertigarria da animaliekin "jolastea", eta noz eta herriko jaiak baino momenturik egokiena hori egiteko. Mari Jaiaren sasoia iritsi arte, esate baterako, Bilboko festen erdigunea zezenketak ziran. Gaur egun, zorionez, interesgune bat baino gehiago dagoz Aste Nagusian: su artifizialak, musika kontzertuak, txosnagunea, txikigunea, bilbainadak, gastronomia lehiaketak, herri kirolak eta abar. Noski, zezenketazale ugari eta batzuk txit sutsuak dagoz Bizkaiko uriburuan eta inguruetan, zezen-plazaren aurreko kontzentrazinoetan urtero konprobatzen dogun legez. Baina, inkesten arabera, zaleen adinaren batez bestekoa gora doia, gero eta jente gazte gitxiago doia ikuskizun odoltsu hauetara alegia.
Halandabe, pasa dan asteburu honetan Zestoan erreferenduma antolatu dabe herrian zezenketak egiten segitzeko ala ez erabakitzeko, eta emoitza oso argia izan da baiezkoaren aldekoa. Argia bezain harrigarria. Hurrengo bataila Bilbon berton izango da, ekainaren 17ko manifestazinoan, tradizino basati honen diru-laguntzen aurka. Borrokak aurrera darrai. Eta beti izango dogu Bartzelona.