"Euskaldunbeti"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2011ko urr. 25a, 02:00

Biktor lankide ohiak behin esan eustan haren andrea ez zala "euskaldunzahar" edo "euskaldunberri", "euskaldunbeti" baizik.

Antza danez, arraroa egiten eutsan haren bikotekidearen joera beti euskaraz egiteko. Noski, Biktor lagunaren joera beti gazteleraz egitekoa da.

Neuri be, behin baino gehiagotan, harrituta galdetu deustie ea umeei beti euskaraz egiten deutsegun. Zuek be ziur aski halako galdera bitxiak jaso izango dituzue, ezta?

Neure kasuan, kuriosoa da, baina uste dot sekula ez deustiela galdetu ia Maiderrek eta biok geure artean beti euskaraz egiten dogun. Suposatutzat emongo dabe umeak lotan dagozan bitartean bakarka gelditzen garenean Cervantesen hizkuntzara pasauko garela. Bitxiak dira erdaldunbetiak.

Baina "zahar/barri" dikotomia horretara itzuliz, bada sasoia dinamika barrietara igarotzeko.

Berbalagun programa batzuetan oraindino erabiltzen dabez eskema zaharrak: "Euskaldun zahar hori: apadrinatu egizuz euskaldunbarri batzuk!". Neu, behintzat, bi urtez egon nintzan berbalagun moduan Bilboko auzo batean euskara ikasten ebilan jenteagaz, eta inork ez eustan eskatu zahartasunaren ziurtagiririk. Beste aldetik eskerrak, eduki ez deukodalako. Neure kasuan eginez eta eginez jarioa lortu neban. Eta bistan da ez eginez galdu egiten dala.

Zenbat "zahar" ez dozue ezagutzen lehenik "erdaldunbarri" eta azkenik "euskaldun ohi" izatera pasau diranak? Herren baino herrenago ibiltzen dira eta azkenean gaztelerara pasau behar. "Barri" asko baino herrenago. Gauza asko ez dira betiko, zaintzen ez badituzu, eta alderantziz. Gaur egun gurditik tiraka dabilen hainbat lagun "barriak" izandakoak dira.

Sekretua da nondik gatozen hainbeste begiratzea baino non gagozan eta noruntza goiazen ikustea. Sekretua da "euskaldunbeti" izaten saiatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak