Bi urte lehenago, Europako kultura hiriburuak Wroclaw eta Donostia izango dira, eta urte bat lehenago Korrikaren 20. edizioak beste behin ere Baskistan zeharkatuko du. Eta hizkuntzarekin jarraituz, 2018an ere oso urteurren garrantzitsua ospatuko dugu geurean. Izan ere orduan 50 urte beteko dira 1968ko urrian Arantzazun Mitxelena, Gandiaga, Villasante eta koadrila hura guztia batzartu eta Euskara Batua izeneko tresnaz erditu zirenetik.
Fermin Etxegoien oñatiar-bilbotarrak Neurona eta Zeurona liburu guztiz gomendagarrian Batuaren aldeko aldarria egiten du, bestelako mezuekin batera, eta bat nator berarekin etorkizunari begira euskalkietatik haratago joateko garrantziaz. Baina erronka hortxe dago hain zuzen ere, oreka mantentzean alegia. Hizkuntzaren polifonia eta batutako musikaren arteko oreka.
Koldo Zuazo eibartar-bilbotarra sekulako lana egiten ari da azken urteotan euskalkien inguruan, horiek hizkuntzaren "sendabelar"-tzat hartuz. Eta bat nator berarekin ere bai, jakina. Elkar hobeto ulertzeko eta hainbat arlotan komunikatzeko hiztun gutxitu guztiok eredu batuak behar ditugula bistan da, hemen gurean edo munduko antzeko beste bazter batzuetan ere.
Normalena da EiTBko albistegiak batuaz entzutea, eta Berria-n, Sustatu-n eta Wikipedian artikuluak batuaz irakurtzea. Baina ederra da Bizkaia Irratian, Goiena Telebistan edo Oier Gorosabel eibartar-lekeitiarraren blogean Mendebaleko euskara entzutea eta irakurtzea, Bilbon, Lekeition, Eibarren eta Oñatin egiten den euskalkia. Batua bai, euskalkiak ere bai. 2018an ez da faltako saltsarik honen guztiaren inguruan, Arantzazun eta Baskistan osoan.
Beharrezko saltsa eta eztabaida, zalantzarik gabe. Bizi gara!