18. Huhezinema: Sortzaile berrienak proiektatuz!

Erabiltzailearen aurpegia Huhezinema 2025ko urt. 23a, 22:00

Bigarren eguna ospatu da dagoeneko. Ikasleak izan dira gaurkoan protagonista, eta horiei zuzendutako ekintza asko egon dira, sakonak eta oso interesgarriak. Goizean, Aitzol Saratxaga musika konpositore eta zine zuzendariak, Zuzendaritza artean sakontzen masterclass-a eman du, ikasleentzat oso erakargarria izan dena.

Hasiera-hasieratik, bilbotarrak, ikusleen ikusmina lortu du. Bere film laburra aurkeztu du: Ehiza (XIX. mendeko Legution girotuta dagoena), eta horren ingurukoa izan da masterclass guztia. Saratxagak, azaldu egin du filmaren prozesu guztia: lehen sormen momentutik hasita, azken emaitzara arte. Pausoz pauso. Proiektuaren ideia, aurrekontu plana, ideia aurkezteko momentua, gidoi teknikoa, eskaleta, grabaketak, plano sekuentzia, animazioak, eta abar luze-luze bat azaldu ditu.

Zaraia aretoa beteta egon da egun osoan zehar eta Saratxagak bere ideiak modu argi eta entretenigarrian azaldu ditu gerturatu diren pertsona guztiei.

"Niri masterclassa emateko deitu zidatenean, interesgarria iruditu zitzaidan. Jendeak ikusi ahal izan du nola garatzen den proiektu bat, eta aukera egon da sormen prozesua ezagutzeko. Azkenean, masterclass honen ondoren, niretzako
garrantzitsuena da jendea animatzea proiektu berriak sortzera".

Ikasle Sailak berezko garrantzia du Huhezineman eta jaialdiaren bereizgarrietako bat da, hain zuzen, zineman hasi berriak diren egileen erakusleiho izatea. Aurkeztu diren proiektu askoren egileentzako lehen zine jaialdia izan da hau.

"Guretzako esperientzia berria da, lehen aldiz aurkezten dugu. Zinemarena mundu interesgarria da guretzat, eta aurrera jarraitzeko asmoa dugu", adierazi du Markel Azpeitiak (Erlojuaren Orratzak).

"Ikasleentzat sail propioa izatea aukera oso berezia da, eta aprobetxatu beharrekoa. Maila oso handia da, beraz, eskertu beharra dago HUHEZIri eta antolatu dutenei", dio Jon Castrok (Enarak). "Uste dut mesedegarria dela, ikasleok ere gure espazioa daukagulako guk sortutako proiektuak erakusteko. Horretarako egun bat da, propio horretarako sortua", adierazi du bide beretik Gorka Granadok (Trabatutak).

Ikasle Saileko proiekzio guztiak ikusi ondoren, profesionaltasunera egin dugu jauzi. "Lehen urratsak zineman” solasaldiak, ikasle izatearen eta mundu profesionalaren arteko zubi-lana landu du. Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas oholtzara igo dira eta haien esperientzia kontatu dute, ikasten bukatu eta haien kabuz filmak ekoizten hasi zirenekoa.

Oso solasaldi baliagarria izan da aretoan zeuden ikasleentzat, azken finean, profesionaltasunera begiratzeko bide ezberdinak erakutsi dizkiete. Eta ez edozein ahotatik gainera. Hitza hartu duten hiru zuzendariak bihar ere gurekin egongo dira haien lanak aurkezten, Sail Ofizialeko finalistak izan baitira: Hor Konpon (Jone Arriola), Utländsk (Alba Lozano) eta Komando Marmitako (Uxue Botas).

"Sare bat sortzea da garrantzitsuena hasieran, jendea ezagutu eta zinema munduan harremanak egin”. “Alde batetik bestera ibili behar izan dut. Zuzendari moduan ibili eta hori gorrotatu, beste nonbaiten ibili eta hori gorrotatu, eta horrela ikasi nuen benetan zer gustatzen zitzaidan”. “Gauza asko daude horrelako proiektu bat aurrera eramateko bertan egon arte ez dituzunak ikusten".

"Zailena dirua lortzea da eta ez dizu inorrek azaltzen. Izena lortzea. Ez duzu proiekturik eginda aurretik, eta horregatik ez dizuete aukera ematen". "Gure lana ez da ona edo txarra diru laguntza ematen badigute edo ez, kriterio propioa izan behar da zure filma baloratzeko garaian, egindakoan sinistu". "Badaude laborategi txikiak eta diru laguntza txikiak ere sostengua eta espazioa ematen dizuetenak. Txikitik hastea ere aukera bat izan daiteke". Hori adierazi dute beste kontu askoren artean Alba Lozano, Uxue Botas eta Jone Arriolak.

Bihar izango da Huhezinemako egun handia, jendetsuena eta garrantzitsuena: Sail Ofizialaren eguna. Bertan ezagutuko ditugu edizio honetako saridun guztiak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak