Arrasateko Trikitixa Eskolako ikasle-irakasle taldetxo batek, Arrasateko Gaiteroek eta Udalaxpe Txistulari Taldeak eman dute aurten Santamasetako dantzaldia, Biteri plazan, Santamas bezperan. Dantzan berrogeita hamarretik gora herritar, heldu zein gaztetxo. Inguruan begira, ikusle mordoxka: helduak, haurrak, familiak... 18:30etan Erraldoi eta Kilikien Konpartsa bertatik abiatuko dela eta, haien zain dauden bitartean, musika eta dantzak erakarri ditu. Parte-hartzeko beste modu bat da, musika entzunez, musikari eta dantzariei begira, eta gorputza astintzen edo dantzan parte-hartzen ere bai.
Erraldoiak abiatuta, ekin diogu berriz dantzaldiari txistularien doinuan. Amaitzeko, Santamasetan gaudela, Txerri-dantzaren bertsio erraztua dantzatu dugu.
Aurrera begira
Santamasetako dantzaldian inflexio puntua izan nahi luke aurtengo ereduak. Santamas jaiek berezkoa dute kutsu herrikoi eta parte-hartzailea. Izaera hori aintzat hartuta, oinarri eta helburu hirukoitza du aurten abiatu dugun ereduak: alde batetik, 'tokian-tokikoa' leloari helduta, dantzaldia bertako baliabideekin eman ahal izatea; bestetik, berez oso gertu gauden ekimenak elkarrekin eta elkarrenganako hartu-emanean jartzea (musikariak plazako dantzarako jotzen, eta dantzari herritarrak haien doinuan dantzan); eta hirugarrenik, Santamasetan urtero antolatu izan dugun dantzaldiari beste presentzia bat ematea, beste pisu bat, eta herriko musikariei lekua ematea.
Horregatik, batzuen eta besteen balorazioa ona izan denez, datozen urteetan ere "Santamasetako dantzaldia" izen horrekin eta eredu parte-hartzaile honetan ematen jarraitu nahi genuke: herriko-musika taldeekin, eta dantzaldia Santamas bezperako arratsaldean errotuta.
Ahal dela, Erraldoiekin bat etorrita berriz (polita izan da elkar topo egite hori), eta beste musikari edo musika-talde batzuren parte-hartzeaz ere bai (adibidez, aurten faltan sentitu dugu Arrasate Musikaleko folk taldea...). Atea irekita, eta musikariak dantzarako erakartzea helburu.
Aipatu beharrekoa: Eskerik asko proposamen honi baiezkoa eman eta parte-hartu / lagundu duten elkarteei: Santamas Komisiñua, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasateko Gaiteroak, Udalaxpe Txistulari Taldea, eta Portaloi Elkartea.
Ikus hemen argazki-galeria
Ikus hemen bideoa (Mondraberri)