Hasiberrien taldean aurten landuko dira: dantza-jauziak, Axuri beltza, Zuberoako bralea, Bolant-dantza eta Baztango zortzikoa. Dantza-txokoetan, denetarik: lotuan, soltean, jauziak, braleak, gabotak, mutildantzak, ingurutxoak, kontradantzak, joko-dantzak, sokadantzak, dantza kantatuak, koreografiatutako jotak... eta abar. Gehienak ere, Euskal Herriko dantza-tradizioan oinarritutakoak, plazetako dantzarako baliagarriak. Tartean, ohikoa denez, errepasatuko dira ere Santamasetako Txerri-dantza eta Larrain-dantza.
Ikastaroak ekaina arte luzatuko dira, astelehenetan, Patxi Montero dantza-irakasleaz.
Taldeak osatuta daude, baina badago lekurik, beste inork animatu nahi badu dantzan ikasten. Interesa dutenek AED-ra edo Gazte Bulegora jo dezakete informazio bila eta izena ematera. Metodologia lasaia da, pausatua, musika sentitzetik abiatuta, eta bakoitzari bere mugimendua espresatzeko askatasun handia utziz.
Ikasturtean zehar irteerak ere bultzatuko dituzte, inguruko beste dantzaldi / erromeria batzuk ezagutzera. Eta Gabonen atarian eta ikasturte amaieran, ohikoak dituzten dantza-afariak.
Ikastaroez gain, Portaloi elkarteak Dantzagunea ere antolatuko du aurten, iaz bezala: hilean behin, hileko azken ostiralean, dantzan elkartzeko hitzordua. Helburuak ditu praktikatzea, bai, baina batez ere elkarrekin dantzan gozatzea, eta harremana, bai dantzan, bai ostean pintxo eta tragoxka baten bueltan. Dantzagunean elkartu ohi dira ikastaroetan ari direnetako batzuk, ari izandako beste batzuk, eta interesatu berriak ere bai, ikustera, probatzera, ikastera, eta ondo pasatzera.