Gaur arte guztira 51 etxek parte hartu dute Debagoienan Birgaitzen proiektuan. Etxebizitzetan insuflatze teknika erabiliz zelulosa isolamendua egun erdiko obra baten ipintzen da. 2018ko neguan lehenengo pilotua jarri zen martxan 16 etxebizitzatan eta neurketa termikoak egin ziren. Proiektuan parte hartzeko bi aukera daude: Erosketa kolektiboa 10 etxerekin antolatu eta %30 deskontua jaso edo %100ko laguntza jasotzea baldintza sozioekonomiko jakin batzuk beteta. 2020an 4 alargunen etxetan jarri ziren isolamenduak doan, Centro Stirling kooperatibaren funts sozialei esker. 2021-2022 artean Birgaitzen proiektua D2030 prototipoen artean egonik, bi pilotu jarri ziren martxan, bata Bergarako Bolu auzoan eta bestea Antzuolan. 2023an Antzuolan bigarren deialdia egin da pobrezia energetikoa saihesteko eta 8 etxe birgaitu dira, Goizper Taldeak funts sozialetatik eginiko ekarpenari esker.
Antzuolan garatu den prozesuak berezitasun bat dauka, izan ere pobrezia energetikoa murrizteko oinarri arautzaileak diseinatu ditugu Antzuolako udalarekin elkarlanean. Oinarri arautzaile hauek beste herri batzuetan erreplikagarriak izanik.
Antzuolan aurrera eramandako bigarren deialdian 14 etxebizitzak eman zuten izena eta 8 etxebizitzek hartu dute parte eta isolamendu obra %100ean ordaindu zaie. Parte hartu duten 8 etxebizitzetatik etxebizitza guztiek zailtasunak dituzte neguan etxeko tenperatura baldintza egokietan mantentzeko. Bi etxebizitzetan berogailua nahi baino gehiago piztuta mantendu behar izaten dute, etxean tenperatura egoki bat eduki ahal izateko eta beste kasuetan berriz, 6 etxebizitzetan, energia faktura asko handitzearen beldurrez berogailua ez dute pizten, hortaz etxeko tenperatura ez dute konfort baldintzetan mantentzen. Etxebizitza guztietan, obra egin aurretik etxeko tenperatura konfort tenperatura egokietatik beherago zegoen. Neguan etxebizitza batean tenperatura baldintza egokia izateko 18ºCtik gora egon behar dela gomendatzen da eta kasu honetan etxebizitza guztiak 15ºCren bueltan zeuden obra egin aurretik, zehazki batezbeste 15,4ºCtan.
Obra egin ondoren berriz, 7 etxebizitzetako tenperatura hobeto mantentzen dela igarri dute. Eguraldiaren aldakortasuna dela eta obra egin ondoren hotz handiegirik egin ez duenez, etxebizitza batean oraindik ez duela desberdintasunik igarri aitortzen du. Tentuz hartu behar dira tenperatura datuak, baina hala ere desberdintasuna nabaria da, izan ere bataz beste 2,5ºC igo da etxeetako tenperatura. Obra egin aurretik 15,4ºCtan egotetik isolamendua jarri ondoren etxeetako batezbesteko tenperatura 17,9ºCtan aurkitzen zen.
Horretaz gain, 6 etxebizitzak hezetasun arazoak izan dituzte. Honekin lotuta, 6 etxebizitza horietako familiek aitortzen dute familiako kideren batek arnas edo bihotzeko gaixotasunak izan dituela.
Emaitzak: Birgaitzen proiektuan orain arte 51 etxebizitzetako isolamendu obrak gauzatu dira. Isolamendua ipintzeko obra egun erdiz gauzatzen da eta batezbeste 1.034 euroko kostua izan du etxeko, guztira 52.772 euro inbertitu dira. Ondorioz neguan etxeetako barneko tenperaturak 1-4ºC-ko igoera jasan dute eta udan berriz, beroaldiak daudenean etxeko tenperatura ez da horrenbeste igotzen. Hau da, etxeko tenperatura hobeto mantentzen dela. Etxeetan berokuntzara bideratutako energia kontsumoaren murrizketa bat dakar eta ondorioz, urtero-urtero Debagoienan 21,5 TCO2 gutxiago isuriko direla suposatzen du. Horretaz gain, pobrezia energetikoa murrizteko oinarri arautzaileak diseinatu ditugu Antzuolako udalarekin elkarlanean eta hauek beste herri batzuetan aplikatzeko erreplikagarriak izan daitezke.