Bukatu da Euskaraldia, baina ez kendu urte osoan 'ahobizi' eta 'belarriprest' jarrera

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Elgeta 2020ko abe. 4a, 20:00

Zorionak Euskaraldian parte hartu duzuen danoi! 215 ahobizi eta belarriprest izan gara Elgetan. Hamabosgarren eguna txapa kentzeko eguna da, baina ez kendu urte osoan ahobizi eta belarriprest jarrera! Hala, hemendik aurrera ere gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz bizitzea eguneroko ariketa baita!

Euskaraldiko koordinazio orokorretik mezu bateratua zabaldu dute Euskaraldiaren bigarren edizioari amaiera emateko. Bigarren parrafoak honela dio:

"Zenbakizko abizena duen gaitz gaizto batek kolpatu gaitu guztiok. Ikasi dugu harremanak ez direla soilik aurrez aurre gertatzen, makinekin ere aspaldi komunikatzen ginela, etxean eta etxetik ere hizkuntza barreiatzen dugula. Baieztatu dugu etorkizuneko ahobizi eta belarriprest askok kalea, aisialdia, inguru bat nahi eta behar dituela euskaraz bizi ahal izateko. Ikusi dugu ilusioz osatutako hainbat arigunek ezin izan duela normaltasunez aritu. Gogoan izan ditugu ateak ezin zabaldu egon diren taberna, denda, dantza edo musika taldeak eta beste hainbeste. Zorretan gaude haiekin, Euskaraldi bat zor diegu.

Baina, era berean, zenbakizko abizena duen birusaren garaian ere, bestelakoak ikusi ditugu: euskararekiko lotura estua duen herri bat dagoela, zailtasunen aurrean indarrak biderkatzeko gaitasuna duen herri-gogoa dugula, krisialdiari aurre euskaratik egingo dion milaka entitate dagoela, herriz-herri erakunde, gizarte eragile, enpresa eta euskaltzaleak eskutik helduta gauza handiak egin daitezkeela".

Izan ere, Elgetan ahobizi edo belarriprest aritu garenok ez gara bakarrik aritu. Euskaraldia ariketa sozial masiboa izan dela nabarmendu dute ekimenaren balorazioan.

179.780 lagunek eman du izena Euskaraldian, horietatik %77 ahobizi modura eta %23 belarriprest rolean. Izena eman duten partaideen artean %29 lehen aldiz hartu du parte ekimenean. Lurraldeei dagokionez, Gipuzkoa izan da parte hartzaile gehien izan dituen probintzia eta adin tarteei erreparatuz gero, partaideen %35 30 eta 44 urte artean ditu. Azkenik, nabarmentzekoa da izena emandakoen %62 emakumeak direla.

Zozketa

Elgetako Euskaraldia batzordera argazkiak eta mezuak bidaltzeko deia egin genuen aurreko astean, baina ez dugu halakorik jaso. Hurrengo batean zozketatzeko izango dira kamiseta eta poltsa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak