Elgetako ariguneak identifikatzeko lanean dihardugu

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Elgeta 2020ko ira. 10a, 12:18

'Ahobizi' edo 'belarriprest' izan zitekeen aurreko Euskaraldia. Aurten, euskaraz lasai hitz egiteko ariguneak ere izango dira. Zenbat daude Elgetan? Herriko enpresek, elkarteek, taldeek eta merkatariek eskuragarri dute informazioa.

Ate joka dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta laster emango diogu hasiera norbanakoen izen-emateari. Iaz, mordoxka izan ziren parte hartu zuten elgetarrak: 220 ahobizi eta 42 belarriprest, hain zuzen ere.

Aurten, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldia. Irailaren 24an zabalduko da norbanakoen izen-ematea, eta, ondotik, txapak banatuko ditugu parte hartzaileen artean. Bestelako erronkak ere badakartza, ordea, Euskaraldiak. Pauso berriak eman behar dira eta herriko ariguneak identifikatu behar dira. Herriko batzordean lan horretan dihardugu.

Zer da arigune bat?

Euskaraz lasai aritzeko espazioak edo taldeak dira ariguneak, eta bertako kide guztiek ulertu behar dute euskara. Mota guztietako entitateak izan daitezke: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kultur eta kirol taldeak, elkarteak, merkatariak... Ariguneen proposamenari buruzko informazio guztia Euskaraldiaren webgunean dago ikusgai. Jasota dago, baita ere, entitate parte hartzaileek egin beharreko ibilbidea.

Ariguneen izen-ematea zabalik da eta hilaren 27an itxiko dute. Izena emateko, formulario bat bete behar da, eta ariguneak identifikatzeko tresna eta jarraibideak jasotzen ditu, entitate eskatzaileak baldintzak betetzen dituen edo ez jakiteko.

Euskaraldia batzordetik hasita gaude gonbidapen gutunak bidaltzen. Jasotzen ez baduzu eta informazioa nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan: elgeta@euskaraldia.eus helbide elektronikoaren bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak