Euskaltzaindiak 2022ko azaroan aurkeztu zuen jendaurrean Euskararen Gogoetagunea, euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta luzaroko estrategiak zein adostasunak marrazteko arnas luzeko egitasmoa. Urte horretan, euskararen biziberritze prozesuan etorkizun ikuspegi nagusia landu zen, eta aurten, ordea, hainbat arlotako etorkizun-ikuspegiari horri buruzko ponentziak landu dira eta horietako hiru aurkeztu dira gaur Gasteizen, XXVIII. Jagon jardunaldiaren esparruan. Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) izan da jardunaldia, eta ponentzia horien inguruan eztabaidatzeko baliagarri izan da goiz osoko mintegia.
Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren zuzendariak euskararen etorkizun-ikuspegiaren esparru orokorra azaldu du mintegiaren sarreran: "Lau urteko prozesua egiteko asmoa hartu genuen, eta Euskararen etorkizkun-ikuspegia izeneko ponentziak paratzen du landu nahi dugun bisioaren marko orokorra. Tesi nagusiak eta etorkizuneko marra nagusiak hor daude. Datozen 30 urteotarako euskararen komunitatearen norabideak gidatzeko ardatz-sistema bat proposatzen da ponentzia horretan: horiek azaldu ditugu jardunaldiaren hasieran. Izan ere, ardatz-sistema horren baitan ulertu behar dira ondoren goizean aurkeztu diren hiru ponentziak, ardatz-sistema horretako adar jakinen ikuskera proposatzen dutenak: administrazio publikoaren adarra, hedabideen adarra eta helduen euskalduntzearen adarra. Ardatz-sistemako beste hainbat adar eta dimentsio ere lantzen ari gara prozesu honetan, arloetako adituen bidez, eta hurrengo urteetan agertuko dira horien emaitzak".
Jardunaldiaren hasmentan, Iban Arantzabal irakasle eta filologoak euskal hedabideen inguruko hausnarketa egin du. "Euskal Herrian dauden komunikazio-talde guztiak dira euskal hedabideen batura baino txikiagoak. Beraz, euskarazko komunikazioak, egungo bere tamainan ere, baluke aukera eragile nagusietako bat izateko Euskal Herrian. Hau da, hizkuntza komunitatetik pentsatuta funtzioa bateratzea eta horren arabera jarduera antolatzea, ordenatzea, izan daiteke egin beharretako bat", azaldu du Arantzabalek bere txostenean. Baina, nola egin hori? "Eskatuko du ikuspuntu irekiarekin jokatzea –aitortu du Arantzabalek–. Helburua da eraginkortasuna, mundu globalizatuaren arriskuei aurre egiteko behar-beharrezkoa. Lurraldeei atxikitako komunitateak trinkotzea izango da tresnarik eraginkorrena eta hedabideek izango dute garrantzia horretan".
Administrazioa eta helduen euskalduntzea
Bigarren txostena Maite Zipitria eta Joxean Amundarain hizkuntzen kudeaketarako teknikariek ondu dute, eta administrazioaren ajeak aztertu dituzte bertan. Horretarako, administrazioaren arloko etorkizun ikuspegia lantzeko ponentziak hipotesi bat izan du abiapuntu: baldintza objektiboak eta subjektiboak daudela Euskal Herriko gune geografiko askotan planteatzeko administrazioa izan daitekeela euskararentzat hurrengo arnasgune soziofuntzionala, eta xede hori lortzea ezinbestekoa izango dela euskararen normalizazioak aurrera egin dezan hurrengo urteetan. Hipotesi horri lotuta, berriz, administrazioak egin beharreko urratsen norabidea iradoki dezakeen ikusmoldea proposatzen da: 20 urte barru, Europako Mendebaldean, hizkuntza minorizatu bat (alegia euskara) izatea administrazioko ardatz hizkuntza, eta, aldi berean, administrazio bat osatzea hizkuntza komunitate osoaren garapen bidea ahalbidetzeko politika sendoak garatzen dituena
Hirugarren ponentziak helduen euskalduntzeari heldu dio, eta Arkaitz Zarraga euskara irakasleak landu eta irudikatu du arlo honen etorkizun ikuspegia: "Helduen Euskalduntze Alfabetatzea berriro ere tresna eraginkorra izatea ezinbestekoa da biziberritze prozesuari bultzada indartsu eta eraginkorra emateko. Horretarako, antolaketa orokorra egokitu behar da, banaketa administratiboa gainditu eta ahalik eta modu eraginkorrean jardun ahal izateko gure lurralde osoan". Bestetik, ezagutzatik erabilerarako urratsean laguntzeko, "pertsonak ikasgelan euskalduntzetik testuinguruak euskalduntzeko urratsa" eman behar dela esan du Zarragak gaurko mintegian: "Dela enpresa bat, administrazio atala, kirol-talde edo udala; batez ere B2tik aurrera pertsonak testuinguruen baitan euskaldundu beharko lirateke". Horrela jarduteko, testuinguru egokiena plangintzak direla nabarmendu du, "zeregin komunikatibo errealetan jarduteko aukera ematen dutelako eta, ondorioz, ikas-prozesu esanguratsua, erreala, motibatzailea eta eraginkorra lortzen delako".
Ikasleen ohituretan ere eragin behar dela uzte du Zarragak: "Beraz, irakasle izatetik trebatzaile izaterako urratsa eman beharra dago. Urrats hori emateko marko didaktiko eta tresneria egokiak ditugu, baina formakuntzaz eta materialez egokitu behar, testuinguru bakoitzari egokituta programatu ahal izateko eta, batez ere, ahozkoan zentratutako ikas-prozesuak gauzatzeko". "Era berean, egiaztatze sistema osoa berrikusi beharra dago –ohartarazi du–, egungo emaitzak ez baitira egokiak, hau da, tituluek ez dute euskaraz jarduteko gaitasuna bermatzen, eta, gainera, motibazio okerra sortzen dute. Zentzu horretan, egiaztatzea ere testuinguru jakinetan ebaluazio jarraituaren bidez egiteko urratsa ere eman behar da. Horretarako ere badira egokitu eta geurera aplika daitezkeen tresnak, hala nola Portfolioa". Hori guztia lortzeko, profesionalak bilatu eta prestatu behar direla adierazi du Zarragak, baina horrekin batera “materialak sortu eta finantzazio sistema oparo eta eraginkorrak” lortu behar direla esan du.
Euskararen Gogoetagunea
Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratzen da Euskararen Gogoetaguneaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez. "Norabideak ikusten laguntzeko ekarpena izan nahi luke egitasmo honen emaitzak", laburbildu zuen Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunearen koordinatzaileak 2022an egin zen estreinako agerraldian.