Behin eta berriro ikusi dugu nola barne komunikazioan gaztelaniaren erabilera gailentzen den, bai ahozkotasunean, bai eta dokumentuak aurkezterako orduan. Inolako lotsarik gabe erantzun zaigu gaztelania hutsean soilik aurkezten zirela erosotasunaren izenean.
Non kokatzen da, daramaten dinamika guzti horretan, 1982ko azaroaren 24an onartutako Euskararen Legea? Non kokatzen dira, orain dela 40 urte, eta orain ospatu berri den ekitaldian goraipatu diren ekintza, hitz horiek?
Nahiko genuke, ez! sinestuta gaude ez direla hutsalak. Baina, bere espazioa eta garrantzia eman behar dioten horiek behin eta berriro txoko ilunera baztertzen badute, zer gelditzen zaigu?
1982/10 Euskararen Legeak argi esaten du bere 8. artikuluan: “ Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.”
Baita 13. artikuluak dioena: “Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan herri-aginteek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiak bi hizkuntzetan egon beharko dute.”
Euskal hiztun garen aldetik, gure hizkuntz eskubideak bermatu daitezen aldarrikatzen jarraituko dugu… 2022ko Abendua izanik ere.