Eskoriatzako EhBildu Udal taldearen erakunde adierazpena Euskararen Eguna dela eta
Aurten, 60 urte betetzen dira Eusko Ikaskuntzak, 1949. urtean, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzea erabaki zuenetik. Hirurogei urte igaro arren, oraindik orain, Euskal Herriko hizkuntza berreskuratzeko premia larriak bere horretan dirau.
Egia da euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan, eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto, baina ez aski.
Erakunde baten parte eta herritarren ordezkari garen heinean, bermatu egin behar dira, normalizaziorantz egin nahi badugu, euskal hiztunen hizkuntz eskubideak, bai Udalaren barne funtzionamenduan, bai herritarrekiko harremanetan.
Hori horrela, Eskoriatzako Ehbildu Udal taldeak,honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2019ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan:
-
Lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
-
Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza irizpideak zehaztea eta ezartzea.
-
Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
-
Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea. Hala nola, softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
-
UEMA babestu, indartu eta zabaltzea.
-
Urte askotako hitzarmenak sustatzea euskarazko tokiko komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
-
Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
-
Kirol arloa euskalduntzeko bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
-
Gazteentzako euskarazko aisialdi zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
-
Familia eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
-
Migratzaileentzako laguntza ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
-
Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
-
Jarduera arau emailea garatzea, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzeko.
-
Eremu guztietako eragileekin —hau da, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, gremioekin, merkataritza ganberekin eta beste hainbat erakunderekin— akordioak lortzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
-
Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.