2020. Ordenantza fiskalak herria eta herritarren aldekoak izatea.

Erabiltzailearen aurpegia Eskoriatzako EH Bildu 2019ko urr. 11a, 15:38

Eskoriatzako ehbilduk bere proposamenak aurkeztu ditu. Udaletxeko politika fiskalak herriaren garapenean eta behar sozialetan eragin baikorra izatea gure helburua da. Proposamen hauen helburu nagusiak dira:

- Justizia soziala eta aberastasunaren banaketa.

- Gazteen emantzipazioa errazteko politikak.

- Barne ekoizpena sustatzeko, merkataritza.

- Klima krisiari aurre egiteko neurriak.

Ordenantza fiskalen proposamenak

Hiru neurri nagusi proposatzen ditugu, eta gure borondate eta prestutasuna jartzen dugu, hauen garapena adosteko eta erredakzioan laguntzeko. Hiru neurri hauek(:) IBIren inguruan, herri merkataritza indartzeko eta kima aldaketari aurre egiteko proposamenak dira. Hau da, udaletxeko politika fiskalak herriaren garapenean eta behar sozialetan eragin baikorra izatea.

1. IBI-ari dagokionez, bi proposamen nagusi:

1.1. Gazteen emantzipazioa errazteko politikak

Gazteek emantzipaziorako zailtasun handiak dituzte, eta etxebizitzen alokairuen prezioek ez dute batere laguntzen, gure herrian dagoen eskaintza 600€-800€ tartean baitabil. Etxebizitzen merkaturatzea erraztea proposatzen dugu, erabilerarik ez duten etxebizitza hutsak alokairurako merkaturatzea bultzatuz. Horretarako beste hainbat herritan egiten den bezala, bigarren etxebizitzari errekargua ezartzea proposatzen dugu, errekarguaren gainkarga %50 eta %100 bitartean egon daitekeelarik. Errekargu honen aplikazioa hainbat kasutan salbuetsi daiteke, noski, eta salbuespen horiek eta baita errekarguaren kopuruak zehazten laguntzeko prest gaude.

Etxebizitza hutsa edo jenderik gabeko etxebizitzaren definizioa

Etxebizitzaren 3/2015 legean eta jenderik gabeko etxebizitzak arautuko dituen dekretuan ondo zehaztua dago definizio hau, beraz hortik abiatu beharko gara erabilerarik gabeko etxebizitza horiek merkaturatzeko helburuz indarrean jarriko diren politikak aplikatzeko.

Gainera, Eskoriatzan hutsik dauden etxebizitza hauen errolda bat egiteko pausuak ematen hastea komeniko litzateke, Jaurlaritzak kudeatuko duen Jenderik Gabeko Etxebizitzen Erregistroa osatzen joateko udalen lana ezinbestekoa izango delako.

1.2. Progresibitatea handitzeko eta prekarietatea gutxitzeko politikak

Beste alde batetik, egoera prekarioan dauden familiei laguntzeko, IBI-a ordaintzeko diru laguntzak bideratzea proposatzen dugu. Horretarako etxean bizi diren pertsona kopurua eta diru-sarrerak kontutan hartuko dira, aurrekontuan diru partida bat finkatuz eta ordenantza baten bidez. Honetarako ratioak eta bete beharreko baldintzak indarrean jartzeko proposamen bat adosteko prest gaude.

Proposamen hau egiterakoan, oinarritzat justizia soziala eta aberastasunaren banaketa dugu, eta diru-laguntza eta prestazioetan oinarritzen diren politika publikoak ez dira helburu horiek lortzeko bide egokiena. Hala ere, bere osotasunean zerga sistema progresibo bat diseinatzen den bitartean, horrelako proposamenak berehalakoan egingarriak dira, eta diru sarrera gutxien edo eros ahalmen txikiena duten herritarrei karga fiskala murrizten zaie.



2. Barne ekoizpena sustatzeko, merkataritza

Ostiraletan plazan egiten den merkatuak, bertako merkatari eta herri bizitzarentzako motor lana egiten duela deritzogu. Eragin positiboa duenez, bai sozialki bai inguruko komertzioan sinergiak sortuz, lan horren errekonozimenduan prezioak jaistea proposatzen dugu.

  • Metro karratuko 0,5 €

  • Argia 24 €

Horretaz gain, bertako ekoizleak indartze aldera, Eskoriatzan erroldaturik dauden eta bertan ekoizten duten herritarrak, merkatuan parte hartzera gonbidatuko genituzke, baldintza bereziak eskainiz: %90-eko hobaria emanez.

Merkatu hau balorean jarri nahi dugu, eta lehen pausu bezala, merkatuaren inguruko plan estrategiko bat osatu beharko litzateke

3. Klima aldaketari aurre egiteko neurrien artean

Klima aldaketa planetaren mehatxu handiena da eta gizakiaren ekintza egoera honen erantzule zuzena da. Energiaren ekoizpen, banaketa eta kontsumoaren eredua iraultzen duten premiazko neurriak hartu behar ditugu, CO2 gasaren emisioa murrizteko. Energia kontsumoa jaisteko bi neurri ondorengoak izan daitezke:

  • Beira isolatzaile bikoitza instalatzea. Leiho zaharrak galera termiko iturri garrantzitsua izan daitezke.

  • Leihoen, sabaien, hormen eta zoruen isolamendua hobetu. Neurri horiek berogailua eta faktura elektrikoak erdia baino gehiago murriztu ditzakete.

Hori horrela, estrategia hauen erabilera sustatzeko etxebizitzen isolamenduaren lanetan 90% hobaria sartzea proposatzen dugu.

4. Mankomunitateko zerbitzuak: Hiri hondakin solidoak jaso, garraiatu eta birrintzeagatiko tasa

Hiritarrek hondakinegatik ordaindu beharrekoa %5,13 igotzea asko dela iritzita, KPI-aren araberako igoera proposatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak