Herritarren eskakizunei erantzunik ez!
Badira 14 hilabete “Garraio publiko eraginkor baten alde” sinadurak batu genituela. 800 sinaduratik gora jaso genituen eta gaur egun erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu. Dena dela, orduan ezarritako ordutegia eta murrizketa baloratzeko garaia dela deritzogu.
Herrien arteko loturak kaltetu ditu, adibidez, Oñatikorekin eta bertako unibertsitatearekin.
Murrizketarekin batera hainbat herrien arteko garraio loturak mantentzeko autobusen ordutegietanaldaketak ezarri ziren. Adibidez, Eskoriatza – Oñati linean eta alderantziz. Koordinazioak, bere funtzioa bete dezan, aldez aurretik edo paperean aurreikusitako ordutegiak zorrotz betetzea eskatzen du. Eta hori beteko ez balitz zer? Bada, hori gertatzen da, eta behin baino gehiagotan errepikatzen denez, erabiltzaileak autobusaren ordez kotxe partikularra erabiltzen du. Garraio publikoaren eraginkortasunaren kalterako, alegia.
Autobusen maiztasunean atzerapausoa.
Zerbitzuaren maiztasuna handitzea eskatzen zen. Erabiltzaileen errealitatera hurbilketa errazteko maiztasunaren gaiak gogoeta bat eskatzen du. Gogoeta partekatuaren aztarnarik ez da izan. Maiztasun handiago batek aurreko puntua eragozteaz gain unibertsitate eta lantegien ordutegiekin bat egiteko aukera guztiak eskainiko lituzke. Zenbaitek indarrean dagoen maiztasunarekin ezin du bere ikasle edo langile ordutegia garraio publikoaren ordutegiarekin bat egin eta, ondorioz, baliabide pribatuak erabiltzen derrigortuta aurkitzen da. Batzuetan, bidaian erabiltzen duen denbora baino autobusaren zain denbora gehiago erabili behar duelako eta, bestetan, ordutegiak ez datozelako bat. Hau ere, noski, garraio publiko eraginkor baten aurka.
Eskoriatzan azken hamabostaldian gertatzen ari dena, onartezina.
Eskoriatzako kasuari dagokionez eta azken hamabostaldian gertatutakoari so eginez, hainbat egunetan gertatu dena onartezina iruditzen zaigu. Torrebaso gunean egiten ari diren obrak direla eta, antza, autobus zerbitzuen atzerapena ikaragarria izaten ari da. Eta inork ez du inongo azalpenik eman. Ordu erdi edo hortik gora itxaron behar izan dutenak ez dira bat edo bi. Arrasateko geltokian, adibidez, pasa den asteazkena, Martxoak 20, 20 bat pertsona kontatu ziren arratsaldeko autobus baten zain. Bat baino gehiago bere kotxea ez erabili izanaren damu agertu zen. Ezin esan, bada, horrelako egoeretan garraio publiko eraginkor baten aurrean gaudela. Eta udaleko kudeaketaren arduradunak isilik.
Foru Aldunditik Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen ari omen direla diote. Nolako etorkizuna? Zerbitzu publikoak pribatizatzeko gertu dagoen etorkizuna, edo interes pribatuei erantzuten dien zerbitzu publikoen etorkizuna... guk ez dugu hori nahi.
Bagaude, ordea, pertsona erdigunean jarriz, haren beharrei erantzungo dion etorkizunaren alde, edota pertsona abegikorragoak, solidarioagoak egiteko bere indarrak bideratzen dituen etorkizunaren alde. Eta nola ez, beti egongo gara geroz eta erabiltzaile gehiago izango duen garraio publiko eraginkor eta ekologikoaren alde.
Azkenik, aipatu nahi dugu, pasa den astean "puntaik punta” ekitaldia iragartzeko argazkia egitera agertu zirenei, herritarren lana beraien aldeko argazki propaganda bezala ulertzen dutenei, Denis Itsasori PSOEkoa eta Jose Ramon Zubizarretari PNVkoa, diputazioan duten ardura erabiltzea: autobus zerbitzua hobetzeko. Autobus zerbitzua oso argazki ona izango litzateke zuen kanpainarako.