Tecuni enpresaren izena askorentzat ezezaguna izango da. Tecuni elektrizitate enpresa handi bat da, Hego EHko handienetariko bat. Enpresak 239 langile ditu egun eta mantenu elektrikora eta goi eta behe tentsioko instalazio elektrikoen alorrean jarduten du. Bere eragina handia da, bai Bilbo hiriko mantendua eramaten duelako eta baita Iberdrolarekin mantentze lanak egiteko kontratua eraman duelako.
Azken bi hilabetetan lan arazo eta gatazka luzea suertatzen ari da enpresa honetan. Batez ere zuzendaritzaren jarrera autoritarioagatik eta langileagoaren prekarizaziogatik. Hau dela eta, ELA eta LAB sindikatuak mobilizazioak eta lan uzteak aurrera eramaten ari dira. LABek egoera horrela salatu du:
“Lanuztearen arrazoia honako hau da: enpresak praktiketako langileak, azpikontratatuak eta aldi baterako kontratuarekin langileak dituen bitartean, mugagabeko kontratua eta, hurrenez hurren, 15 eta 18 urtetako antzinatasuna duten bi langileak kaleratu ditu.
Bi langile hauek kaleratzeko arrazoia enpresa atalez atal hartzen ari den prekarizazio neurriei uko egitea izan da. Neurri horien artean adibidez holako batzuk ezarri dira: 7 egunetako erretenak, 8 ordu lehenago ohartaraziz gero lan egiten behartuta, lanaldien arteko 12 orduko atsedenaldia ez errespetatzea...”
Honen aurrean enpresaren zuzendaritzaren jarrera oldarkorra izan da, Iberdolarekin zuen kontratua bertan behera uzteko mehatxua egin eta horrekin batera 46 langile gehiago kalean uztea. Hau da, lan baldintza duinak eskatzeagatik langileak zigortzea.
Eta non dago Eskoriatzarekin lotura?
Azken urtetan Eskoriatzako udalak hainbat lan kontratu publiko eman dizkio enpresa honi. Azkena, hain zuzen ere, udalerriko koadro elektrikoak aldatzeagatik 30.000 eurotik gorakoa.
Azken kontratazio honen aurrean batzordean gure kezka azaldu genuen, batez ere klausula sozialak betetzen diren ala ez galdetuz, baina betiko erantzuna jaso genuen, dena ordenan dagoela. Udaletxeak ez omen du enpresaren lan gatazkaren berririk.
Hala ere, gu gero eta kezkatuago gaude gertatzen ari denarekin. Halako enpresa handi batek, langile eskubideak errespetatzen ez dituenak, bere indar posizioa probestuz eta prezioak merketuz herriko kontratu gehienak bereganatzen ditu. Orain arte herriko edo bailarako langile autonomoentzat ziren lanak haiek monopolizatzen dituzte. Ezinezkoa da lehiatzea, eta horrela bi alditan prekarietatea sortzen da: euren langileriaren eskubideak urratuz eta bertako autonomoei egoera zailduz (lehiatzeko ia dohainik lan egitera behartzen dituztelako).
Indarrean jartzen ari den eredu honekin, langileen bizi kalitatea kaltetua suertatzen da. Hau da prekarietatearen benetako eragina. Eta hau ere Eskoriatzan sustatzen ari da. Gure buruari galdetzen diogu: ze interes du halako enpresa batek, Bilboko eta Iberdrolako negozioekin asebetea dagoenak, Eskoriatza bezain txikia den herrian horrelako interesa erakusteko? Gertatzen ari diren horrelako kasuen aurrean EAJk zergatik erakusten du horrelako sentsibilitate eza?
Guk argi dugu, prekarietateari ateak ixteko udal kontratazioetan erantzukizuna ukatu ezina da, eta alboratu ezin den heldu beharreko gaia da.
Informazio estekak:
https://www.deia.eus/2019/01/05/economia/la-plantilla-de-tecuni-teme-la-perdida-de-46-empleos
Argazkiak: 2. EitB. 3. ELA sindikatoa.