Maiatzaren 17a Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Debagoiena 2024ko mai. 17a, 07:00

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua da sexu-orientazioa eta -identitatea gure gizartean ematen den aniztasunaren parte bat dela onartzen hasteko. Duela hamarkada bat baino gehiagotik, beraz, maiatzaren 17a da LGTBI pertsonen kontra (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak) zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990. urtetik eta gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez hiritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexu-orientazioa edo generoa edozein direla ere, eta gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGTBI pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Gizarteak ere egin du aurrera zentzu honetan, eta gaur esan genezake gero eta espazio sozial gehiago ditugula non pertsona bakoitzak gure sexualitatea eta generoa bizitzeko aukera askatasun osoz bizi eta adieraz ditzakegun.

Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGTBI pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal gizarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurre-iritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan. LGTBI pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak, beren sexu- edo genero-identitatea ezkutatu beharra ikusten dutelarik (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira), eta gure hirietako espazio publikoetan ematen ari den eraso fisikoen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-edo genero-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.

Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egingo den ahalegin bakoitza aurrerapauso bat da gero eta gizarte inklusiboagoa eraikitzeko, jarrera baztertzaileak baztertuko dituen gizartea, bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta eraikiko dena.

EAJ-PNVren helburua izan da beti sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzeko politikak garatzea; eta horretarako sortu zen Eusko Jaurlaritzaren BERDINDU zerbitzua, LGTBI kolektiboari eta bere inguru osoari laguntzeko, bere helburu nagusia delarik euskal hiritargo osoaren berdintasuna bermatzea, gizabanako bakoitzaren sexu- orientazioa eta generoa edozein direla ere, bai eta diskriminaziozko jarrerak ezabatuko dituen gizartea eraikitzeko oinarriak finkatzea ere.

Orain arte egin duen bezala, EAJ-PNVk ekinean jarraituko du pertsona guztien eskubideak defendatzeko, eta sustatuko dituen politika publikoetan bilatuko du pertsonak babestea eta diskriminazioaren kontrako neurriak abian jartzea.

Gizartearen aniztasuna gure indarra da, bai eta defendatu eta babestu behar dugun balorea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak