Arrasatek elementu guztiak ditu berrikuntza teknologikoaren erreferentziazko gune bihurtzeko

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Arrasate 2019ko mai. 15a, 16:48

Arrasate eta Debagoiena “etorkizuneko ekonomiaren lehen lerroan” kokatzeko EAJren apustua defendatu du alkategaiak

Ekintzailetzaren eta 4.0 Industriaren aldeko apustua berretsi dute hautagai jeltzaleek gaur Mondragon Unibertsitatea Uribeko egoitzan garatzen dabilen laborategi teknologiko berrien instalazioetara egin duten bisitan. Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak eta Maria Ubarretxenak, Arrasateko alkategaiak, Unibertsitatearen berrikuntza teknologikorako estrategiaren xehetasunak ezagutzeko aukera izan dute erakundearen goi-arduradunen eskutik. Egitasmoak Arrasateko Udalaren eta Gipuzkoako erakundeen babesa du.

Mondragon Unibertsitateak eta zehazki Goi Eskola Politeknikoak (MGEP), mailarik goreneko teknologia industrialarekin ekipatuta egongo diren laborategiak izango ditu, Europako aurreratuenen mailan. Gune teknologiko berri hau, ikerketarako eta 4.0 Industriaren garapenerako apustua, Maria Ubarretxenaren hitzetan, “etorkizuneko Arrasateren zutabetako bat” izango da. Arrasateko Udalerako hautagaiak, hain zuzen, uste du “Arrasatek, oso modu nabarmenean, elementu guztiak” dituela “berrikuntza teknologikoaren erreferentziazko gune” bihurtzeko, “lehen mailako unibertsitate batekin, puntako enpresa teknologikoekin, ikerketa guneekin eta lankidetza tradizio sendoarekin”. “Honelako apustuak ezinbestekoak dira etorkizunerako ekonomiaren lehen lerroan kokatzeko”, esan du Ubarretxenak, “berrikuntza et ekintzailetza etorkizuneko apustuak” direlako, hain zuzen ere. “EAJtik ahalegin guztiak egingo ditugu Arrasate eta Debagoiena, kooperatibismoan aitzindari direnak, etorkizunera urrats bat emanez berrikuntzaren eta ekintzailetzaren gune ere izan daitezen”, erantsi du. Izan ere, ikerketa guneak Arrasateko eta eskualde osoko enpresa industrialen beharrei erantzungo die.

 

Eraldaketa bat etorkizuneko Arrasateren bidean

Arrasateko Udalak, egungo alkate Maria Ubarretxenaren eskutik, estuki egin du lan Mondragon Taldearekin eta Unibertsitatearekin, Trefasaren lantegia zegoen gunea (Gautxori eremua) egokitzeko eta lur-sail horretako gainerako instalazioetan integratzeko. Nahiz eta Mondragon Unibertsitateak instalazio horietan duela 15 urte baino gehiagotik presentzia izan duen, gaur egunera arte eraikin bakarra prestatua dute tailerretarako, departamentuetarako eta, noizbehinka, eskoletarako erabiltzeko.

Planaren eta laborategi berrien garapenak, Arrasateren garapen urbanistikoan txertatuko da era harmonikoan, udaletxearen laguntzarekin, Gautxori gunea hiriaren mendebaldeko sarbidean integratuz. Honek 26.000 metro koadroko urbanizatzea ekarriko du, Udalarekin lankidetzan, eta aukera emango du ikerkuntza laborategiak modu nabarmenean handitu ahal izateko. Halaber, aurreikusten da erabilera publikorako espazio urbanizatu berriak sortuko direla. Hala, alkategaiak adierazi duenez, esku artean duten “planik handienetako bat” dela inguru horretakoa, “etorkizuneko Arrasateren zati bat izango dena”.

5.000 metro koadroko espazio honetan teknologia industrialeko estatuko laborategirik modernoenak kokatuko dira, bereziki fabrikazioaren esparruan, Alemania ala Erresuma Batuko erreferentziazko zentroen mailakoa. Zoru industrial hori era esklusiboan erabiliko da ezagutza berrietarako, haien transferentziarako eta enpresa eta langileen formazio jarraiturako. Instalazioei esker, MU 4.0 Industriaren teknologia esperimental puntakoenez hornituko da, ekipazio konplexu eta espazio industrial bereziak behar dituztenak; enpresei garapen teknologikoa eta nazioarteko bikaintasuna lortzen laguntzen jarraitzeko. 

Laborategiei esker, hortaz, Arrasate eta Debagoieneko erreferentziazko enpresen babeserako urrats berria emango da. Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Ulma Packaging, Ulma Handling, LKS, Copreci, Mondragon Assembly, Fagor Automation bezalako kooperatibak eta JMA, Ekide edo Polmetasa moduko enpresak, zeintzuekin jada gaur egun lankidetza estua baituen Mondragon Unibertsitateak.

 Kalitatezko enplegua

Arrasateko alkatetzarako hautagaiak berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua zuzenean lotu du kalitatezko enpleguaren sorkuntzarekin eta, horrela, balioan jarri nahi izan ditu legealdi alor honetan Udaletxetik egindako ahaleginak. Arrasaten langabezia tasa 6 puntutan jeitsi da joandako lau urteetan, eta horretan Udaletik abiarazitako plan ezberdinek eragina izan dutela azaldu Ubarretxenak. “Argi daukagu gure lehentasun nagusietako bat langabezia jaisten jarraitzea dela eta, horretarako, Arrasaten inbertitzen jarraitu beharra dugu, ekonomian eta hezkuntzan”.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak