Herritarrek bidalitako proposamenak baloratu eta gero, partaidetza prozesuaren ondorioak aurkezteko agerraldia egin du gaur Kulturateko klaustroan Arrasateko EAJ-PNVko lantaldeak, Maria Ubarretxena alkategaia buru. Herriko etxebizitzetara helarazitako esku-orrien bitartez jaso dituzte ekarpenak azken asteotan jeltzaleek eta, ondorioak landuta, aurki aurkeztuko duten hauteskunde-programa itxiko dute. Ubarretxenak azaldu duenez, Arrasateko EAJ-PNVk “entzute aktiboko ariketa bat” egin nahi izan du ekimen honekin, duela lau urteko hauteskundeetan izandako erantzun ona ikusita. Hilabeteko epean, 942 proposamen jaso dituzte jeltzaleek, “erantzun ezin hobea” alkatearen iritziz eta, horregatik, “herritarrek egindako ahaleginarekin oso eskertuta” daudela adierazi du. Ekarpen guztiak irakurri eta kontuan hartu dituztela zehaztu du alkategaiak.
Ubarretxenak, halaber, kalean beregana eta zerrenda-kideengana etorritako herritarrei ere eman dizkie eskerrak. Alkategaiak pozik adierazi du “herritarren aldetik interes handia eta gertutasuna” sumatu dutela eta hori oso lagungarria dela herri-programa idazterako orduan. Are gehiago, jasotako ekarpenekin eta herritarrekin izandako zuzeneko kontaktuarekin, alkategaiak aurreratu du “sintonia handia” aurkitu duela EAJko lantaldeak eta horrek, herri-programa sendo eta ilusionagarri batekin erantzuteko “gogoak eta erantzukizuna handitu” dizkiela. “Erantzukizunez jokatuko dugu orain arte egin dugun bezala eta gure ilusio, indar eta gogo guztia jarriko ditugu herri proiektua aurrera ateratzeko, arrasatearrek hala erabakitzen badute”, baieztatu du alkategai jeltzaleak.
Ekarpen eta kontraste fase honen laguntzarekin, aurki aurzkeztuko dute hauteskunde-programa, 10 puntu zehatzetan banatuko dena. “Ez dugu hitzemango egin ezin dugun ezer”, esan du Ubarretxenak, “ez dugu espektatiba faltsurik eragingo eta gure proposamen guztiak errealistak eta aurrera eramateko posibleak diren ekimenak izango dira”, zehaztu duenez.
Herriko bizitza pizteko proposamenak
Arrasatearren ekarpenak zazpi arlotan banatu eta landu ditu EAJ-PNVko taldeak: herri- bizitza, tokiko merkataritza, garbitasuna, auzoak, irisgarritasuna, kirola eta segurtasuna. Arrasatearrek “herriko giroa pizteko proposamen ugari” egin dizkiete postaz. ‘Giro’ hori, zentzurik zabalean ulertzen da, kultur ekintzekin eta ikuskizunekin ala herria erakargarriago egiteko eskaerekin, kirola eta aisialdia kontuan hartuta. Hala, eskaera bat errepikatu egin bada, garbitasunarena da hori, “jasotako gutun ia guztietan”, alkategaiak esan duenez. Hain zuzen, EAJren udal gobernuak gai honekin konpromiso irmoa duela berretsi du Ubarretxenak, eta “herritar askok alor honetan hobekuntza bat egon dela aipatzen badute ere, garbitasunean sakondu beharra dagoela uste dute”. Gainera, jarraitu du alkategaiak, “Arrasate atseginago baten aldeko eskaera ere egin du gehiengoak, berdeguneak handitu eta lorategi gehiago eta lorezaintzan esfortzua egiteko eskaera garbi batekin”. Pintaketak kentzeko, edukiontzien inguruko txukuntasuna hobetu eta herritarren kontzientziazioa handitzeko kanpainak egiteko eskaerak behin eta berriro irakurri dituzte. “Arrasatearrek herri garbi eta lasaia nahi dute, atsegina eta herritar guztiek disfrutatu dezaketena”, eta “EAJk hori lortzeko an egin duela eta egiten jarraituko duela” , esan du zerrendaburu jeltzaleak.
Jasotako ekarpenei egindako errepasoarekin jarraituz, Ubarretxenak auzoen presentzia nabarmena azpimarratu du, inbertsioekin jarraitzeko eskatu diete herritarrek, irisgarritasuna bermatzeko sistemak jartzea, espaloiak eta suelto dauden baldosak konpontzea edo euren auzoetako itxura eta garbitasuna hobetzea. Irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez, gehiengoak oinezkoei lehentasuna ematea, barrera arkitektonikoak desagerraraztea, erdigunean TAO sistema jartzea eta bidegorri sarea handitzea ere eskatu dute.
Arrasatek behar duen Kiroldegi Berria
EAJ-PNVk aurki aurkeztuko du hauteskunde-programa zehatza eta alkategaiak aipatu bezala, herritarrengandik jasotako ekarpenak eta proposatutako ideia asko jasoko dituzte bertan. Jeltzaleen proposamenen artean egongo da Arrasatek behar duen Kiroldegi berria. Jakina da Gipuzkoako kiroldegi zaharrena duela Arrasatek eta gabezia zein gaixotasun estrukturala duela. Kirola izango da, bere osotasunean, herri proiektuaren muinetako bat. “Herritarrek gazteentzako jarduera gehiago eskatu dizkigute; ahalegina egitea zerbitzuetan zein eskaintzan benetan berritzaileak izateko”, esan du Ubarretxenak.
Kiroldegi Berria Arrasateko kirol eta aisialdi bizitzaren muinetako bat izango da baina ez bakarra. “Anbiziosoak diren proposamen punteroak ditugu, baita proiektuak kudeatzeko gaitasuna ere“, esan du Ubarretxenak.
Azkenik, kezken atalean, askok herriko segurtasunaren inguruan agertu duten ardura aipatu du alkategai jeltzaleak: “Segurtasuna, zaintza zorrotza eta hainbat jokabideen kontrola areagotzea eskatu du gehiengo batek, esaterako txakurrak solte ibiltzea”. Halaber, Udaltzaingoaren kaleko presentzia areagotzea eta zirkulazioan, autoaren erabilera gutxittu eta trafikoa gutxitzeko neurriak eskatu dituzte.