Arrasate herri atseginago bat egiteko inbertsioak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Arrasate 2019ko mai. 5a, 09:17
Arrasaten, 21 milio eta erdi euro inbertitu dira azken lau urteetan. Kirol instalazioetan egindako inbertsioak, haur parkeak, hezkuntzako inbertsioak, Makatzenako auzoko eraberritzea igogailua barne, herri ondarea berreskuratzea eta handitzea, eta behin eta berriz agertu izan diren kultur arloko beharrak; Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola, besteak beste.

2015-2019 legealdia amaitzear dagoela, Arrasateko EAJ-PNVk azken 4 urteotan udalaren gidaritzan egindako lanaren balorazioa aurkeztu du. “Balorazio  positiboa egiten dugu, duela lau urte herritarrei aurkeztutako programa betetzea lortu dugulako eta, beraz, emandako hitza bete dugulago”, adierazi du Maria Ubarretxenak, datozen udal hauteskundeetarako alkategai jeltzaleak. “Gainera, herritarren parte-hartze prozesu batzuk martxan jartzea lortu dugu, lasaitasunetik eta bizikidetza oinarri izanik. Kudeaketa eredu berri bat jarri dugu abian, gardena eta eraginkorra, eta herritarrei entzuten saiatu gara. Arrasatearren behar eta eskaera historikoei erantzuna eman diegu, baita hainbat proiektu desblokeatu ere”, azaldu du Ubarretxenak.

            Enplegua sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea eta herritarrei aukera berriak eta eremu atseginak eta irisgarriak eskaintzea izan dira lehentasun nagusiak EAJren ustetan. Gauzak horrela, tokiko ekonomia indartu eta enplegu aukera berriak sortzeko, aurreko legealdietatik zetozen programak mantentzeaz gain, hainbat proiektu eta egitasmo berri jarri dira martxan legealdian zehar: enpresa ezarpen berriak lortzeko egitasmoa edota herriko enpresa txiki eta ertainetara bisitak euren beharrak lehen eskutik ezagutzeko..

            Legealdi honetan egoera ekonomikoa medio, 5,09 puntu jaitsi da langabezia tasa Arrasaten. 2015. urtean %15,69ko langabezia tasa zegoen Arrasaten eta egun %10,60; 531 pertsona langabetu gutxiago dago, beraz. Hala ere, langabezi tasa jaistea da etorkizuneko erronka garrantzitsuetako bat, batez ere emakumeena; izan ere, “emakumeei dagokienez langabezia tasak %5,16 behera egin badu ere, gizonezkoena baino 4,44 puntu handiagoa da. Oraindik ere arrakala horri aurre egitea ezinbestekoa da”.

Gizarte alorrean ere inbertsio handia egin da azken urteotan, jeltzaleek azaldu dutenez. Gizarte Zerbitzuetan biztanleko egiten den inbertsioan, estatu mailan 3. herria izatera helduz, biztanleko 245,80 €-ko inbertsioarekin.

Gizartearen zahartzea eta gizarte kohesioa aurrean ditugun desafio handienetarikoak direla esan du Amaia Azpiazu Gizarte Ongizate zinegotzi arduradunak eta horiei aurre egiteko hainbat proiektu abiatu dituztela legealdi honetan. Pertsona nagusien etxeetan ikuskapenak egin eta suteen aurkako gailuak instalatu eta elkarrizketa pertsonalizatuak egin dira. Gipuzkoako Zerbitzuen Mapa osatzen lana egin da, eta herriko harrera protokoloa legealdi honetan ezarri da. Arrasateko giza diagnosia ere egin da eta elikagaien bankua martxan jartzea ahalbideratu da.

Arrasate bizikidetzan sinesten duen herri parte-hartzaile, parekide eta euskalduna izateko bidean egindako lana ere nabarmendu du alkategai jeltzaleak. Bere hitzetan, “parte-hartze prozesu ugari egin ditugu legealdi honetan herritarrekin elkarlana bultzatuz. Adibidez, Muxibar-Arbolapeta egitasmoa, Monterron ideia lehiaketa, Mugikortasun plana, Mural eta jolas parke aukeraketak, aurrekontu parte-hartzaileak, etab. jendearen iritzia ezagutzeko bide ezberdinak jorratu ditugu” azaldu du. Bizikidetzan egindako lana ere balioan jarri izan dute eta EAJ Memoriaren Mahaiko partaide konprometitua izan dela adierazi dute bizikidetzan pausoak emanez eta udaleko beste alderdi guztien lana aintzat hartuz.

Kudeaketan egindako esfortzu handia azpimarratu da. Guztira, ia 21 milioi eta erdi euro inbertitu dira herrian eta horrez gain, beste 3.361.912 euro bideratu dira zorra kitatzera Arrasateko udala zero zor egoera batean utzita.


Inbertsio aipagarrienak

Inbertsio aipagarrien artean lau urtetan hurrengo hauek nabarmendu dira: Kiroletako inbertsioak, 900.000 euro; haur parkeak, 1.128.000 euro; hezkuntzako inbertsioak, 377.000 euro; Ingurumenean egindako inbertsioa:400.000 euro (Etxezarretaren erosketa, 275.000 euro+ Udala Besaide bidea, 36.000 euro + Labaderoa, 14.000 euro + Anporreta, 15.000 euro + Antoñako hezegunea, 60.000 euro) ; ondarea berreskuratzeko lanak: 307.125,79 euro (Garagartzako teilatua 62.076 euro, Toki Argi teilatua  76.772,85 euro, Ingurumen eskola  55.844 euro, Jose Luis Iñarra espaloia kentzea 55.000 euro, Udala plazako eraikina kentzea 57.432,94 euro), Juan Arzamendi Musika Etxea, 5.161.893,51euro; Kulturola, 4.438.676 euro; asfaltatze lanak, 593.200 euro edota Makatzenako igogailua, 1.000.000 euro, besteak beste.

 

Auzo irisgarriak eta hirigintza atseginagoa egiteko helburuarekin, hainbat inbertsio egin dituztela adierazi du Ubarretxenak “Goialdeko auzoetako irisgarritasuna hobetzeko, Mugikortasun Plana aho batez onartu da legealdi honetan, Makatzenako igogailua egin da eta Erguin auzoko irisgarritasuna hobetzeko igogailu sistema bat diseinatu da eta lehen bi igogailuak egiteko prozedura abian da”.  Oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin egin direnen artean, espaloi gainean aparkatzen zuten autoen dinamika aldatzea, hainbat espaloiren konponketa eta zabaltzea eta oinezkoentzat espazioak berreskuratzea bereizi dute jeltzaleek. Berrurbanizazioak ere egin dira halaber, San Josepe, Arrasate pasealekua, San Andres, Uribarri eta bide segurtasunari dagokionez, Lanako biribilgunea egin da Aldundiarekin batera bidegurutzearen segurtasuna handitzeko eta bidegorria eta bizikleten pasoa ere seguruagoa egiteko, eta radarrak jarri dira herri barneko bide segurtasuna areagotzeko.

Kale eta ingurune garbiagoak edukitzeko helburuarekin, guztiz abandonatuta zeuden iturri apaingarriak, San Frantziskokoa eta Garibaikoa, berriz ere martxan jarri dituztela adierazi dute, baita herria hainbat mural berriekin apaindu dutela ere (Gipuzkoa etorbidea, Otalora kalea, Makatzena, Udalako frontoia, Amaia Antzokiaren ondoan). Lorezaintzan esfortzua egin dute, San Andrés auzoan eta Arimazuri plazan, esaterako, eta bide batez, Kale Garbiketa Zerbitzua indartu da, azken generazioko makina berriak ekarriz eta pertsonala handituz.

Haur eta gazteei bideratutako ekimenen inguruan, legealdi honetan 8 jolas parke berritu (Munar, Zaldibar, Biteri, Kurtze txiki, Itxaropena, Makatzena, Zigarrola, Gorostiza) eta horietako 3 estali dira ( Itxaropena, Makatzena eta Gorostiza). Zortzi parke horietatik sei auzoetakoak izan dira. Haur txikientzat Txikitxokoa zabaldu da eta haurren parte-hartzea ahalbidetzeko haurren kontseilua martxan jarri da, halaber. Azkenik, legealdi honetan martxan jarri eta arrakasta handia izan duen gazteen emantzipazioa errazteko alokairua diruz laguntzeko programa ere aipatu dute jeltzaleek.

Ingurumen arloan aipatutakoen artean: Udala Besaide mendi bidea konpondu da eta Antoñako hezegunearen proiektua martxan jarri da. Anporretako tontorra herriarentzako ondare publiko bihurtu da eta Etxezarreta eremua ere erosi da Besaide Mendizale elkarteak egindako eskaerari erantzunez eta herriko ondare naturala handituz. Kirolari dagokionez, azpiegiturak hobetzea eta Kirolaren plan estrategikoa egitea izan dira legealdiko eginkizun aipagarrienak. “Gimnasio berria jarri dugu Uarkape pilotalekuan erabili gabe eta hutsik zegoen azpiegitura bat baliatuz; berrikuntzak egin ditugu Musakola kiroldegian: teniseko itxitura berria, etab. Iturripeko kantxako lurra berritu dugu, Mojategiko belar artifiziala aldatu eta etorkizuneko Kiroldegi berri baterako aurreproiektua prest utzi dugu. Gainera, kirola balioan jartzeko kirol sariak ekimena eta kirola kalera eguna antolatu ditugu legealdi honetan”, adierazi du EAJko kirol zinegotzi Ander Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak