Kalekumeak: 'Urbanitak', baratzezaintzan orain

Utzi beldurrak eta lotsak. Sartu hanka behin eta berriz, eta hartu aitzurra kalekume konplexuak alde batera utziz... Utzi baserritarrei aholkuak ematen. Hasieran estilorik gabe hartuko badugu ere, ikusiko dugu nola denborarekin beraien errespetua irabaziko dugun. Animo!

AITZIBER OTEGI
 
Euskaldunak, oro har, ez gara aldaketa-zaleak eta erresistentzia moduko bat sortzen dugu aire berriak datozenean. Baratzea, betidanik, baserritarren eta kanpotik etorritako batzuen lan edo afizio moduan ikusi izan dugu. Beti baserri giroan edo trenbide izkinetan. Betiere, urteetako esperientzia pilatzen duten baratzezainak.

Azken urteetan, aldiz, eskema hauek guztiak goitik-behera puskatzen dituzten baratzezainak agertu dira. Jende gaztea, familiak, atzerritarrak, hiritarrak... era batekoak edo bestekoak, baina gehienak ezaugarri bereizgarri eta bitxi batekin: inoiz ez dute aitzurrik hartu eskuetan. Askotan sardea zertarako erabiltzen den ere ez dakitenak eta gaitz erdi zerba landarea ezagutzen badute.

Desprestigioari buelta 
60ko hamarkadan gertatu zen hiritartze prozesu haren barruan, baserriak eta harekin batera baratzeak desprestigio fase bat jasan zuten. 

Kultura gutxiko jendearen gauza zela uste zen, eta modernitatearen kontrakoa. Azken hamarkadan, aldiz, zorionez, aurreiritzi horiei pixkanaka buelta ematen hasi gara. 

Ingurugiroa zaindu eta produktu osasuntsuak jateari beharrezko garrantzia ematen hasi gara, eta, ondorioz, horrekin batera baserria eta baratzezaintza baloratzen eta hiritarrei gerturatzen hasi gara.

Prozesu horretan guztian, baratzezaintzatik aldendu den belaunaldi oso bat sortu da, eta, ondorioz, baratzean lanean hasi nahi duten urbanita berriek ez dute gertuko erreferentziarik edukitzen. 

Gipuzkoa osoan banatuta dauden Kutxa Ekoguneko 22 Baratze Parkeetan koska horri aurre egin diogu, hiritar horiei, lotsarik gabe, baratzea gerturatzen saiatuz.

Hala ere, saiakera horretan denetik ikusi behar izan dugu, kalekume hitzaren esanahi komikoa indartuz. Gehienek aitzurra nola hartzen den ere ez dakite... Karakolak akabatu beharrean ondoko sorora botatzen ikusi ditut, akabatzeak pena ematen zielako.... Ai, ama! Baserritarren batek burua altxako balu!

Gai kritikoak 
Argi dago landare bakoitzetik zenbat landatu behar dugun jakitea ere ez dela irakasgai erraza. 30 metro karratuko baratze batean zortzi kalabazin-landare ere ikusi ditut! Beharbada, elikagaien bankurako hornikuntza osatzeko asmotan egin dute, nork daki! 

Edo landareak saltzerakoan ere gertatu izan zait bi porru eskatzea! "Baina motel, bi porrurekin pure bat egiteko ere ez zaizu iristen eta!".

Ureztapenarena ere gai kritikoa izaten da. Gaur ura bota, bihar baita ere, eta beno... etzi ere, beharbada, bai, badakizu. Gipuzkoako klima sikua dela-eta landareak zimelduko ote diren beldur edo... 
Itotzen ez badira, gaitz erdi! Hori bai, lurrak aitzurrik ikusi gabe asteetan... Gogor-gogor eginda eta landareak zergatik ez diren hazten ondokoei galdezka. 

Harrokeria umiltzen 
Horiek dira baratzeetan lanean hasten direnean kalekumeek uzten dituzten seinaleak. Baserritarrei lotsa sortzen dietenak, eta, askotan hiritarrok haiekiko izan dugun harrokeria umiltzen laguntzen dutenak. 
Urteetan begiratu izan zaie baserritarrei handikeriarekin, konturatu gabe ezjakinik handienak besteok garela, eta hori dela-eta errebindikatzen dut kalekume hitza, baserritarrak beraien jakituriaz harro daudela erakusten duen hitza baita. 

Hala eta guztiz ere, uste dut hori guztia gainditu ondoren polita litzatekeela baserritarren eta kalekumeen arteko loturak sortzen hastea. Kaletarrek baserritarrengandik ikas dezaten beraiek urteetan umiltasun handiarekin eginiko lan polit hori eta modu horretan beraiekiko errespetua handituz. 

Beraz, utzi beldurrak eta lotsak. Sartu hanka behin eta berriz, eta hartu aitzurra kalekume konplexuak alde batera utziz... Utzi baserritarrei aholkuak ematen. Hasieran estilorik gabe hartuko badugu ere, ikusiko dugu nola denborarekin beraien errespetua irabaziko dugun. Animo!
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak