Gora berdura estresa!

Geroz eta gizarte estresatuagoan bizi gara... Lana nahikoa ez eta dugun tarte bakoitza zerbaitekin beteta edukitzen dugu: kirola, lanaz aparteko aktibitateak, konpromisoak... Haurrak ere gurpil horretan sartzen ditugu. Eskolatik atera eta egunero aktibitateren bat –bi ez badira– eta asteburua iritsi eta kirol partidara joateko goizean goiz jaiki beharra... Hori nahikoa ez, eta ditugun tarte libre horiek ere bete egin behar izaten ditugu: lagunekin planak, kirola, pintxo-potea... Eta noski, zubi bat baldin badugu, hegazkina hartu eta nonbaitera joan beharra.

Argi dago lasaiago bizitzen ikasi behar dugula, baina, hala ere, nire ustez, osasungarria den estres bati buruz hitz egingo dizuet: berdura estresa. 
 
Baratzea bor-bor, bat-batean 
Dagoeneko jakingo duzue baratzea txukun mantentzeko gainean egotea oso garrantzitsua dela, eta bere lanorduak eskatzen dizkigula: lurra aitzurtu, tomateak kimatu, bareen jankei aurre egiteko dena berriz landatu... Baina lan hori guztia egin ondoren, uda garaiko boom-a dator. 

Bat-batean, kalabazin landarea bi egunetik behin kalabazinak eman eta eman dago, letxuga guztiak batera igotzen hasi zaizkit, tomateak zoragarriak jarri dira eguzkia atera bezain pronto, lekak ere bi-hiru egunez behin jaso behar ditut. Baita piperminak ere... Eta... uf, hori da estresa! 

Bat-batean, baratzera egindako buelta bakoitzean barazkiz betetako bi poltsarekin itzultzen gara etxera. Hozkailuan dagoeneko ez dugu lekurik ezer gehiago sartzeko, izozkailuan ere ezin lekurik bilatu solomoen eta hirugiharren artean. Eta orduan zer? Kalabazin-purea egin eta egin, etxekoei kalabazin-purea belarrietatik ateratzen zaiela ikusi arte. Tomate-kontserbak egin eta egin, noski. Eta piperminak ozpinetan sartu eta sartu. Baina, hala ere, ezin iritsi. 

Eta konturatzen gara garaian garaiko berduren gaindosia dugula. Eta ikusten dugu etxean lekurik gabe gelditu nahi ez badugu beste soluzioren baten bila hasi beharrean gaudela. 

Berdura opari 
Eta berdurak oparitzen hasten gara. Lehenengo, bizilagunari eta bisitan datozen familiartekoei, eta, azkenik, desesperazio maila gorenera iritsiak garenean, lankideei ere bai. Harreman sozialak indartzeko balio du. Azkenaldian haserreturik zegoen lankideari irribarretxo bat ateratzeko edo berdurak eman beharraren aitzakian ilobak eta bilobak gehiago bisitatzeko aukera ematen du. Pagotxa benetan! 

Ingurukoak ere gainezka 
Hala ere, badira beste batzuk baino irribarre handiagoak eragiten dituzten barazkiak. Nork ez du gustura hartzen baratzeko tomate sorta? Edo pipermin batzuk? Letxugak  ere nahiko preziatuak izaten dira, baita piperrak ere... Baina zer gertatzen da lekekin edo zerbekin? Eta kalabazinekin? 

Hasieran bai, gustura hartzen dira berdura guztiak, baina astero-astero leka sorta ikaragarria iristen zaizunean etxera, zer? Berriro ere lekak patatekin? Purean? 
Hurrengo pausoa izaten da Interneten begiratzen hastea zer-nolako errezetak dauden lekekin. Lekak entsaladan, lekak Proventzako erara, leka salteatuak... Eta, azkenean, sumatzen duzunean bizilaguna tinbre joka poltsakada leka eskuetan duela, isil-isilik gelditzen zara aterik ireki gabe aste batez libratzeko asmoz... Baina berak ate ondoan utzi dizkit! Ai ama! Estres guztiak halakoak balira! 
Estres mota gehienak hirikoak diren bezala, hau herrietako estresa izaten da. Bizilaguna, laguna, familiartekoak... Denak barazkiak oparitzen. Letxugak, zerbak, lekak... Eta, azkenean, garaian garaiko horrekin kokoteraino eginda! 

Estresak hori du, aztoratzea dakarrela. Baina zein ona litzatekeen estres guztiak hain politak balira! Zuk landatutako barazki horiek hain ondo hazi direla ikusteak edo zure lagunartea estutzen laguntzen dizula sumatzeak... 

Hori du ona estres honek, irribarreak zabaltzen dituela, osasuntsuago jaten dugula eta gure autoestimua igotzen laguntzen digula. Beraz, gora berdura estresa!
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak